"Urkuluko azken errotaria"

Nork esango, baina laster izango dira bi urte utzi gintuenetik.

Errota etxean jaioa izanik, aita, errotaria, sasoiz eta bat-batean hil zenean, eho beharreko ganbara bete zorrorekin aurkitu zen, zein zeinena zen ez zekiela.

Zerbait ikasitakoa izango zen etxean, eta lan horri ere heldu zion. Urte gutxirako izan zen; izan ere, gari lanak gure inguruetatik hamarkada horretan desagertu ziren, eta horrekin batera erroten zeregina.

Hori gutxi balitz, Korueta aldean urtegi bat eraikiko ote zuten zurrumurruak entzuten hasi ziren, eta errekak nahiko ur ote zeukan ikusteko, bere etxetik gertu, Azatzako eta Arbeko errekak bat egin eta beheratxoago, errekaren ur emaria neurtzeko presa koxkor bat egin zuten, eta bertan, egunero uraren maila apuntatzeko ardura ere, etxe ondoan zeukala eta, berari eman zioten.

Ez zitzaion tentagarririk falta izan neurketak aldatzeko, behin baino gehiagotan agertzen baitzen norbait, neurketak goitik edo behetik apuntatzeko eskatzen, batzuek lehenbailehen handik alde egiteko gogoa nonbait eta beste batzuek, urtegiaren konturik entzuterik ere ez zutelako nahi. Berak, "kontzientziak agintzen zion moduan", bete ei zuen bere egitekoa.

Urkuluko malatua Arbeko errekatik hornitzen bazen ere, uholdeak edo euri jasa handiak izaten zirenean, Azatzako erreka zen etxe barruraino sartzen zitzaiena, eta ittuako atea irekitzen ei zuten urari bidea emateko. 

Kontatzen zuen mutikoak berak Barrenzubixetatik bizkarrean ekarri zuela urak bertaraino eramandako txerri mahaia. Eta txerri mahai hori urtegia zela eta etxea eta errota betiko utzi behar izan zutenean, Mendietxera eraman zutela, eta handik beste etxeren batera ere ez ote zen joan.

Holako hamaika pasarte, berak kontatzen zituen moduan kontatu gura nituzke, baina horretarako ere izan egin beharra dago. Gustukoa nuen berak gauzak gogoan hartzeko eta gogoan edukitzeko zuen berezkoa. 

Nik holaxe gogoratzen dut Joxe.

--------------------

Julen Abasolo

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak