Arrikruzko lehoia Atapuerca ingurura

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2018ko ots. 10a, 00:00

Dakizuenez, Gipuzkoan daukagu leizeetako lehoiaren hezurdura konpleto bakarra Iberiar Penintsula osoan.

1966an agertu zen Arrikruzko koban eta Penintsula osoan aurkitu zen leize-lehoiaren lehenengo hezurdura zen eta Europan hirugarrena. Besterik ez da aurkitu; osorik, behintzat. Hezur solteren bat edo beste bai, baina osorik ez.

Euskal Herrian lehendik ere baziren lehoiaren hezur solteak: Arrasateko Lezetxikin lehoiaren burezurra aurkitu zen hamalau pusketatan zatitua eta Itziar edo Zestoa aldeko kobaren batean izter hezurren bat.

Jakina da baita ere Euskal Herrian leize-zuloetako labar pinturen artean ez zela lehoirik agertu duela gutxi arte.

Iaz agertu zen Lekeitioko Armintxeko koban leizelehoiaren lehenengo irudia.

Frantziako Chauvet izeneko haitzuloan lehoien irudi piloa agertu dira eta horien bidez dakigu gutxi gorabehera nolakoa zen felido erraldoi hori.

Bada, gure Arrikruzko lehoia Burgosko Museo de la Evolucion Humana ospetsura joango da martxoan.

Horretarako bideo bat eta azalpenak prestatzen ari dira.

Han daude baita ere Atapuercan egindako hainbat aurkikuntza garrantzitsu. Badirudi, gero, handik San Telmoko museora ekarriko dutela, nahi duenak ikus dezan eta piztitzar horri buruz zerbait gehiago jakin dezan.

Aukera paregabea Arrikruzko koba ezagutzeko, hango edertasunak eta urak egin dituen aldaketa harrigarriak bertatik bertara ikusteko eta lehoiaren egoitza izan zenaz familiarekin gozatzeko.

Gero, San Telmora ekartzen dutenean Europan bakarrenetakoa den lehoi hori, ederra izango litzateke piztitzarraren hezurdura ikustea eta benetan nolakoa izango zen imajinatzea.

Arrikruzko lehoiaren aurkikuntza garrantzitsua izan zen bere garaian eta gaur egun ere oraindik hala da, ia hezur guztiak aurkitu zirelako –hezurdura osotzat jotzen da hezurren %75en bat topatzen direnean, eta Arrikruzko lehoiaren kasuan %95etik gora topatu ziren–.

Horrez gain, saihets hezurren bat edo beste puskatu eta berriro soldatuta dauzka, lesio larriren bat sufritu eta gero sendatu zitzaion seinale.

Horrek ere berezia egiten du gure lehoia.

Baina, geroztik, aurkikuntza bikainak egin dira munduan: 2015ean, Yakutian, Siberian, aurkitu zituzten bi lehoikumerena adibidez. Oso-osorik zeuden, azal eta guzti, Siberiako permafrost edo izotz iraunkorretan bikain kontserbatu baitziren, izozkailu batean bezala. Kumeak ziren, luzeran 42 zentimetro ingurukoak, eta ia oso-osorik kontserbatzen zituzten beren ilajea, hankak, isatsa, belarriak, begiak eta bibotea. 12.000 urte inguru botatzen dizkiete bi piztitxoei. Haiengandik informazio ugari ateratzeko itxaropena dute jakintsuek.

Ez da atzean gelditzen 2007an, Siberian baita ere, aurkitu zuten mamut-kumea. Metro bat eta hogeita hamar zentimetroko altuera eta 50 kiloko pisua zuen. 42.000 urte botatzen dizkiote eta oso ondo kontserbatuta dago, azal, haragi, tronpa, isats eta guzti.

Artikulu hau prestatzen ari nintzela topatu dut Interneten beste lehoi bat aurkitua izan dela Iberiar Penintsulan; hain zuzen ere, Kantabrian, Omoño herrian, Garma izeneko leize-zuloan. Caso único en Europa jartzen du eta ez dakit informazioaren ziurtasuna zenbaterainokoa den, Europan hezurdura konpleto gehiago aurkitu baitira. 2017ko urriaren 6ko data du aurkikuntza honen artikuluak.

Dena den, pentsatu behar dugu leizeetako lehoi gehiago ere izango zirela Penintsularen goialde honetan eta hezurdura gehiago ere agertzen joan daitezkeela hemendik aurrera.

Baina, gomendio bat: ezagutzen ez dituzuen hezurrak topatuz gero leizeetan edo arkeologikoki interesgarri diren tokietan, mesedez, ez ukitu, ahal baduzue ezkutatu zerbaitekin eta adituen eskuetan utzi hondakin hori, altxor preziatua izan baitaiteke guk hezur huts eta hotz ikusten dugun hori.

----------

Iñaki Zubeldia

Ikaztegieta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak