Bergarako erdigunean ditugun lau parke zoragarrietan –Usondo, Errotalde, Errekalde eta Arrizuriaga– naturaz disfrutatzeko aukera paregabea dugu, edo, hobeto esanda, bagenuen.
Bagenuen esaten dugu, Bergarako Udalak joan zen otsailean Arrizuriaga parke osoa itxi baitzuen. Urtebete pasa da.
Arrizuriaga eraikina egonkortzeko eta parkea zabaldu ahal izateko, aurrekontuetan 300.000 euro inguru aurreikusita daude. Otsailaren 11n, Udal Gobernuak Seminarixoan aipatu zuen 2021ean martxan ipiniko den proiektuen artean Arrizuriagako jauregia egonkortzea eta bertan kultura proiektu bat garatzea izango dela. Hau dena egoki ikusten dugu. Baina parkea ez zabaltzearen arrazoia Arrizuriaga eraikinaren teilatuaren egoera kaskarra omen da, eta haizea dabilenean teilak hainbat metrotara disparatuta irteten direla; eta parke osoa ixtea erabaki zen.
Eraikinaren aurrealdean Espoloia kalea dago. Handik egunero jende pila pasatzen da, eta kalea ez da sekula itxi, ezta haizea dabilenean ere. Parke osoa itxi da arriskua ekiditeko eta Espoloia kalea ez da ixten? Nola da posible? Handik pasatzen den jendea ere arriskuan egongo da, ba, haizea dabilenean!
Haizea dabilenean, parkeak ixten dira arriskuak ekiditeko.
Espoloiko jolas parke ondoan dagoen eraikin zaharra oso egoera kaskarrean dago. Eraikinaren ondoan dagoen haurren jolas parkearen zati bat itxita dago, eta haizea dabilenean jolas parke osoa ixten da.
Zergatik ez da neurri bera hartzen Arrizuriaga parkean, parke osoa itxi beharrean? Eraikinaren inguruko perimetro bat itxi ahal da, eraikinetik eta arriskutik urruntzeko; hala, herritarrok parkearen, naturaren, zati handi batez disfrutatzeko aukera ederra izango genuke.
Bergarako Udalari, mesedez, eskatzen diogu Arrizuriaga parkea zabaltzeko, arriskurik gabe ibiltzeko lekua baitago. Ez dugu uste eraikinaren perimetro jakin bat ixteak dakarren lanak gastu handirik eragingo duenik.
Mesedez, buelta batzuk eman gai honi. Udaberria ate joka dago; ea Bergarako erdigunean dugun parke zoragarri honetan naturaz disfrutatzeko aukera izaten dugun.
----------
Izaskun Arroyo
Bergarako guraso talde baten izenean
Bergara