Segi dezagun bidea eraikitzen

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Elorza 2020ko api. 8a, 06:00

Konfinamendua beste hamabost egunez luzatzeko asmoa iragarri berri da. Hasiera batean bi aste inguruko neurri ematen zuena luzatuz doa eta, gutxienez, hil eta erdi egingo dugu konfinaturik. 

Ezin uka uste baino luzeagoa eta nekezagoa izaten ari dela prozesua. Orain arte ezagutzen ez genuen errutinan gaude murgildurik: etxean sartuta, kaleko hizketaldiak ia erabat baztertuta, deskonexiorako ihesalditxoak egin ezinda…

Hori bai, aitortu beharra dut pribilegiatu sentitzen naizela. Izan ere, familiarekin nago, sekula baino denbora gehiago egiten dugu elkarrekin, osasuntsu gaude, lehentasunezko produktuak erosteko arazorik ez daukagu eta hil bukaerara iristen gara. Zer gehiago eska nezake? Ezertxo ere ez, zoritxarrez, bestelako egoerak ere baditugu-eta herrian. Besteak beste, kontratu gabeko lanpostuetan dabiltza hainbat herritar, errolda lortzeko arazoekin, besteen etxeetan bizitzen, etxea beste familia batzuekin konpartitzen.... Horiek guztiek sekulako zailtasunak dituzte hilabete bukaerara iristeko, lehentasunezko produktuak erosteko, ez baitituzte dirulaguntzak eskatzeko beharrezko diren dokumentu minimoak. Oraingoan ere, goraka doa sektore zaurgarrien zaurgarritasuna. Ekonomian ez ezik, emozioetan ere badu eragina COVID-19ak. Gogoan ditut etxez etxeko lanetan ari direnak, baita bakarrik bizi diren heldu zein gazte oñatiarrak, egunen joan-etorriak inorekin hitzik egin barik igarotzen dituztenak, buruari bueltaka, isileko bakarrizketan... Gogoan ditut, era berean, urrundurik dauden senideei espetxeetara bisitan joaterik ez duten herritarrak, ziurgabetasun konstantean bizi direnak, birusa lau hormen artean sar ez dadin erreguz. Eta, zela ez, gogoan ditut minbiziak harrapatutakoak, biriketako gaitzak dituztenak, gaixo kronikoak… gaixotasunek ez dute-eta emergentzia egoerez ulertzen. Doazkizue indar keinuak zuei guztiei.

Gogoan ditut indarkeria fisikoa, psikologikoa edo jazarpena jasaten duten guztiak

Bestetik, gogora ekarri gura nituzke indarkeria fisikoa, psikologikoa edota jazarpena jasaten duten emakume, haur zein nerabeak. Oñati ez da egoera horietaz salbu den herria, inondik inora ere. Normaltasun batean agerian ez dauden egoerak are ezkutuago dira orain. Imajina dezagun une batez: egun guztia norbere erasotzailearekin etxean egon beharra, beste inora joateko aukerarik gabe, arazoa inorekin konpartitu ezinik, isiltasunean. Jakitun gara konfinamendu garaiotan egoerari eustea izan dela askok hartu duten erabakia. Gogorarazi gura nizueke, besteren artean, lagungarri izan dakizuekeen telefono zenbakiak dituzuela aurreko astean zeuen etxeetan jasotako informazio eskuorrietan.

Aurreikus daiteke konfinamendua bukatu ostean ere izango dela laguntzarako beharrik. Esan, gizarte zerbitzuetatik lan eta lan ari garela egungoari zein ostekoari aurre egiteko, larrialdi egoerarako dirulaguntzak tramitatuz, arreta psikologikoa eskainiz, okerren daudenei jarraipena eginez... Eta badakigu zuen guztion laguntza ere badugula. Prozesu hau guztiontzat ari dela izaten irakasgai: besteen azalean jartzen ikasten gabiltza, geure onena ateratzen, laguntza eskaintzen... Duda barik, hori guztia baliagarri izango da osterako. Hor ere beharko baita boluntariotza, elkartasuna... Finean, esan dezakegu elkar zaintzarako beharra ez dela COVID-19arekin batera desagertuko. Beraz, segi dezagun bidea eraikitzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak