Herri bizia, dabilen herria

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Elorza 2020ko api. 3a, 06:30

Pasa dira jada hiru aste COVID-19 gaitzaren kutsatze arriskua murrizteko lehen neurriak hartu zirenetik. Asteburu hartan bertan alarma egoera ezarri zen: besteak beste, herriko komertzioen eta ostalaritza sektorekoen itxiera ekarri zuen horrek –ordurako, dena den, batzuek hartua zuten ixteko erabakia–.

Ordutik, hainbat eta hainbat eskaera izan dira ezinbestekoak ez diren industria jarduerak bertan behera uzteko. Eta, azkenean, aste honen hasieran etorri zen hori arautzen zuen dekretua, egun baten buruan hainbat jarduera salbuetsirik geratu diren arren. Hori bai, betikoa: txikiek ez dute salbuespenik usaindu. Justua da? Txikienek eta aurrera egiteko zailtasun gehiago dituztenek ordaindu behar dute beti? Hori gutxi balitz, batzuek zilegi ikusten dute herrietako azokak ixtea eta, kalte-ordainetan, nekazariei dirulaguntzak ematea. Ez da hobe azokak zabaldu daitezen kontsumitzaile zein ekoizleen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea? Geure nekazariei beraien produktua saltzea ahalbidetzea? Nik uste dut hori dela lehen sektoreko ekoizleek nahi dutena, horixe baita euren esfortzuaren konpentsazioa eta errekonozimendua –hala adierazi digute eurek–. Nire aburuz, denek behar lukete izan leku bat gurean.

Gure herriak, Oñatik, herri izaten jarrai dezala gura dugu, dabilen herria garelako

Egia esan behar badizuet, ez naiz etxetik gehiegi irten. Udaletxera ere gutxi joaten naiz, lehentasunezko lan batzuk egin eta berriz etxera buelta –telematikoki dihardugu, gainerakoan–. Elikagaiak erostera ere gutxitan joan naiz. Baina kasu horietan guztietan, gauza bera etortzen zait beti gogora: nolakoa izango litzateke gure Oñati merkaturik, komertziorik eta ostalaritzarik gabe? Halako zerbait, agian? Erosketa guztiak etxetik egingo genituzke; jende gutxirekin izango genituzke aurrez aurreko berbaldiak; kaleak erdi hutsik leudeke, erdi hilik… Finean, betiereko konfinamendu moduko baterantz joango ginateke. Hori da burura datorkidana. Eta egundoko tristura sartzen zait. Ba, neuk, behintzat, ez dut horrelakorik nahi. Herri bizia nahi dut, jendea bizi den herria, eta, horretarako, uste dut ezinbestekoak direla aurretik aipaturiko saltokiak eta jarduerak. Aurreko astean, Oñatiko Udaletik bat egin genuen Txandak eta beste dendari batzuek eginiko eskaerarekin, helburuen artean baitugu bertako kontsumoa bultzatzea, tokikoa. Hain zuzen ere, lehentasunezko ez diren produktuen online salmenta eta banaketa bertan behera uztea eskatu zuten dendariek. Zentzuzkoa da. Herritarrak arriskuan jartzeaz gain, jarduera horiek mantentzea oso kaltegarria delako itxita dauden denda txikiendako.

Ez dakigu egoerak zenbat iraungo duen, ze ondorio izango dituen. Baina gura dugu bertako bizigarritasuna berreskuratu, eta horretarako, ezinbestekoak dira gure kaleetan dauden komertzio eta enpresa txikiak lehenbailehen aktibatzea. Udal Gobernu Taldekook badaramazkigu aste pare bat egoera aztertzen eta neurriak martxan jartzen. Bat da enpresa eta merkatari txikientzat aholkularitza zerbitzua sortzea, eguneroko informazio zurrunbiloarekin eta dekretu zaparradarekin beharrezko ikusten baikenuen herritarrei eskura lituzketen laguntzen berri ematea. Neurri Ekonomikoen Mahaia ere osatu dugu. Hara eramango ditugu hainbat proposamen, hurrengo asteetan martxan jarri ahal izateko aurreikuspenez. Oñatik herri izaten jarrai dezala nahi dugula, dabilen herria garelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak