Elkarrekin

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Elorza 2020ko mar. 27a, 06:00

Orain artean ezezagun genuen egoera batean bizi gara. Etengabea da dekretu zaparrada iragartzen duen albiste uholdea. Egunez egun, aldatuz doa egoera. 

Goraka doa COVID-19 gaitzak harrapatutakoen kopurua. Eta, egoera honetan, erantzukizunez besterik ezin dezakegu jokatu. Geure esku ditugun baliabide guztiak jartzea, zaurgarrien diren sektoreei bultzada ematea, herritarren segurtasuna bermatzea… Argi daukagu: nork bere aletxoa jarrita besterik ezin diezaiokegu aurre egin egoera honi.

Astebetean hamarnaka neurri, gomendio eta erabaki. Horixe da krisia hasi zenetik Udalak bere egina duen errutina. Geure  egunerokoa unean uneko dekretuetara moldatu, herritarren ongizatearen zein segurtasunaren bermerako bitartekoak eskaini, udal langileen segurtasuna bermatzeko neurriak hartu, beharrezko diren lan presentzialak segurtasunez egin daitezen bermeak jarri...

Eta jakin badakigu bide honetan ez gaudela bakarrik, alboan zaituztegula. Ehun herritarrek baino gehiagok eman duzue izena boluntario sarean, etengabeak dira auzokideekiko dituzuen laguntza keinuak, hainbat kolaborazio-ekimen sortu dituzue azken egunotan –EPI biserak  eta arnasgailu mekanikoetarako piezak egiten zabiltzate Maker komunitateko kideak, telazko maskarak egiten diharduzue hainbat herritarrek, entretenimendurako edukiak sortzen ari zarete hainbat eragile, eta abar, eta abar-… Mila aldiz esan badut ere, mila eta batgarrena ez dago soberan: eskerrik asko!

Jakin badakigu bizi dugun bide honetan ez gaudela bakarrik, alboan zaituztegula

Ostera, zerbitzuak moldatu behar izatera eraman gaitu egoerak, eta berriak ere sortu ditugu, unean uneko beharrei erantzuna eman guran. Esaterako, egoera berezi honetan, martxan jarri dugu autonomoendako eta mikroenpresendako informazio zein aholkularitza zerbitzua. Bestetik, indartu egin dugu kale garbiketa zerbitzua, haurrendako zein gaztetxoendako denbora-pasa euskarriak sortzen gabiltza, hasiak gara hainbat herritarrei deika euren egoera zein den ezagutzeko… Zintzoki diotsuet: laguntza beharra baduzue, deitu lasai 688 88 65 19 telefono zenbakira edo idatzi saretuz@onati.eus helbidera. Herritar asko daude laguntzeko. Elkar zaindu gaitezen.

Bestetik, etxekoekin ordu asko egitera garamatza konfinamenduak. Horri esker, gauza berriak ikasiko ditugu, sekula egin bakoak egin, irudimenez, goxotasunez… Baina izango dira unean uneko liskartxoak ere. Saia gaitezen une horiek ahal den egokien kudeatzen. Ostera, gogoan ditugu euren erasotzaileekin batera konfinaturik dauden emakumeak ere: eraso matxistaren beldur izan edo seguru sentitzen ez bazara, eska iezaiezu laguntza auzokideei edo deitu 900 84 01 11 telefono zenbakira. Anonimoa da eta ez du arrastorik uzten.

Bukatzeko, zoritxarrez, badira koronabirusak harrapatuta hil diren oñatiarrak. Une zail hauetan, doazkizuela geure doluminak haien senitartekoei. Animo eta mila besarkada. Era berean, egun hauetan gure artetik joan diren herritarrek ere ezin izan dute behar moduko agurrik jaso. Jakin badakigu berez gogorrak diren uneak gogorrago bilakatzen dituela horrek. Beraz, mila besarkada eta doluminak haien senideentzat ere.

Ez da bide xamurra izango, baina ziur naiz egoerari aurre egitea lortuko dugula azkenean. Guztiok batera. Elkarrekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak