Adineko pertsonok gure ohiko ingurunean egon nahi dugu, gure etxean, auzoan, gure senide eta lagunekin, hori da gure nahia. Baina gure bizitzan bada une bat non hainbat faktorerengatik egoitza batera joatea beste aukerarik ez dugun, hala nola mendekotasun-maila, etengabeko laguntza espezializatua izateko zailtasuna eta gure etxebizitzaren egokitzapen falta direla medio. Gure etxetik egoitza batera pasatzean, etxebizitzaz eta ingurunez aldatzen dugu, baina ez eskubidez. Adineko pertsonok, gure osasunegoera eta mendekotasuna edozein izanda ere, eskubidea dugu osasunerako, autonomiarako, intimitaterako, erabakiak hartzeko gaitasunak ahalbidetzen duen bitartean, eta abar.
Hala ere, Gipuzkoako egoitzetako langileen borrokak eskubide horiek ahalbidetzea zailtzen duten egoerak azaleratu ditu. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu kolektibo honi, egiten ari diren ahaleginagatik, batzuetan baldintza okerretan eta babes-materialik gabe egoiliarrak zaintzeagatik eta beste batzuetan beraiekin bizitzen gelditzeagatik.
Bestalde, nabarmendu nahi dugu egoitzetako langileak eta Gipuzkoako Senideak ahaideen elkartea bat eginda borrokatu direla adineko pertsonak zaintzeko eta babesteko, eta guk haien aldarrikapenak babestu ditugula justuak eta bidezkoak direlako, hala nola plantilla handitzea, baliabide handiagoak eta lan-baldintza hobeak izatea.
COVID-19aren pandemiak egoitzetako defizitak atera ditu argitara, eta une honetan erantzuna emateko zailtasuna gehitu du aurreko gabeziak direla eta, hala nola osasun profesionalen falta, zaintzarako falta, behar bereziei arreta ematea, eta abar.
Adinekook COVID-19 gaitza dela-eta bizi dugun dramak argi erakutsi digu zenbait gobernarirentzat alde batera utzitako gizartea garela. Hala ere, ez da berandu Gipuzkoako Foru Aldundiak egoera honen gainean gogoeta egiteko.
Utz ditzala "garrantzitsuenak pertsona dira" bezalako hitzak; izan ere, ekintzetara pasatzeko garaia da eta horretarako ezinbestekoa da adineko pertsonak duintasunez zaintzeko egoitza publikoetarako aurrekontu handiago eskaintzea, hau baita bide bakarra pertsonak lehenesteko.
----------
Itziar Usandizaga Galarraga
Gaurgeroa-Duintasuna elkartearen izenean
Bergara