Karabana feminista iazko urrian pasatu zen Bergaratik, eta pozarren hartu genuen herritar askok; zenbat emakume ezagutu eta elkartu garen ordutik! Bertan, haziak erein genituen eta uzta kalean jasotzen ari gara, belaunaldiak, kezkak, abiapuntuak eta esperientziak josiz. Ahal dugun heinean, konpromisoak hartuz.
Udalaren partetik, ordea, ez dugu jaso espero genuen erantzuna eta konpromisoa: pasa den astean, kasualitatez, mikroa heldu zitzaigun, eta aspaldian bueltaka darabilgun kezkari heldu genion, galdera zuzena bidaliz telebistara: Noizko berdintasun teknikaria Bergaran? Erantzunik ez.
Mindu egin gaitu alkate andreak Goiena telebistako Harira saioan Martxanterek egindako galdera ignoratu izana eta erantzun gabe utzi izana.
Kezka honi heltzeko, beste bide batzuk erabili ditugun arren, zain jarraitzen dugu, eta beharra geroz eta argiago ikusten dugu.
Herri eragile feministak indartsu edukitzea bezain besteko garrantzitsua iruditzen zaigu berdintasunaren gaian arituak eta adituak diren teknikaria(k) herritarren zerbitzura izatea, baita edozein herritarrek gai hauen inguruko informazioa eskura izatea. Zertarako? Ahalduntzeari begirako etengabeko formazioa izateko, udalak alor honetan eskaintzen dituen zerbitzuen informazio argia izateko –arreta zerbitzuen ingurukoa, adibidez–, erasoen aurkako protokolo aktibo bat martxan jartzeko...
Udalarekin harremanetan egon gara hilabete hauetan, hainbat gairi elkarlanean heldu diogu, baina ez da nahikoa.
Berriz diogu, zergatik ez daukagu berdintasun sail eta teknikari bat gure herrian?
Ez al du Udalak beharrezkotzat ikusten?
Martxanterak gogotsu gabiltza, Bergara parekideago baten alde lanean, feminismotik herritarrak saretzen.
Gure kezkari helduko diozuelakoan.
Erantzunaren esperoan, lanean jarraituko dugu!
----------
Itziar Usandizaga eta Ainhoa Narbaiza
(Martxanterak! talde feministaren izenean)
Bergara