Azken hamarkadetan, errugbia goitik behera aldatu da. Ni neu 70eko hamarkadan hasi nintzen jokatzen, eta orduko errugbian, adibidez, partiduan zehar ez zen jokalari-aldaketarik aurreikusten; soil-soilik, lesiogatik izan zitekeen eta epaileak onartu behar zuen. Azken urteetan, berriz, jokalarien osasuna zaintzea helburu garrantzitsua bihurtu da, eta gaur egun zortzi jokalari daude eserlekuan aldatzeko prest; hau da, talde erdia aldatu daiteke. Horrela, beste helburu batzuk ere lortzen dira: ikuskizuna hobetu, taktika aldatu…
Egungo errugbiko araudian, jokalarien segurtasuna babesteko, joko arriskutsua izugarri zigortzen da. Jokaldi batean arau-hausteren bat antzematen dutenean goi mailan, TMO sistema erabiliz jokalaria kaleratu ahal dute, hasieran hamar minuturako, epaileek horrela erabakitzen badute txartel hori/gorria aterata; izan ere, jokalaria kanpoan dagoelarik, TMOn dagoen epaileak erabakiko du txartel horia den eta hamar minutuen ondoren zelaira bueltatu daitekeen, edo gorria den, eta orduan ez zaio zelaira bueltatzeko aukerarik emango. Modu horretan, jokoa gutxiago mozten da. Hobekuntza interesgarria hori ere.
Arestian esan dudan moduan, urriaren 28ko Munduko Koparen finala oso parekatua eta estua izan zen. Hiruzpalau kaleratze izan ziren eta, nire ustez eta beste askoren ustez ere, finalaren emaitzan eragin handia izan zuten, baina zelaian zeuden jokalarien artean ez zen protestarik ikusi, jokalarien artean ez zen iskanbilarik izan, epailearekin kapitainak hitz egin zuen… A zelako erakustaldia!
Mundu mailan ikusle gehien lortzen dituzten kirol ekitaldietatik, Errugbiko Munduko Kopa hirugarrena da, Joko Olinpiarren eta Futboleko Munduko Koparen atzetik bakarrik.
Zorionak, eta ea beste kiroletako praktikatzaileok ikasten dugun.