Horregatik, eta legeek esaten dutelako, udalek kirol zerbitzuak eskaintzen dituzte.
Ez dut ezer berririk esan behar, baina kirol arloan aritzen diren arduradun politiko zein teknikoei proposatuko nieke beren lan-jardunean izenburuan aipatutako bi kontzeptuak kontuan izateko.
Sustapena. Kirola modu egokian egiteak makina bat abantaila eta onura dakarkigu, eta horrek sustapena justifikatzen du. Duela hamarkada batzuk, asko zabaldu zen denontzako kirola kontzeptua; gaur egun, gutxiago erabiltzen da, eta nik berreskuratu egin nahiko nuke, denontzako hori azpimarratuz. Kirola sustatu beharra dago, baina ahalegin berezia eginez arrazoi ezberdinengatik zailtasunak dituzten pertsonengana hurbiltzeko. Sasoi batean logika izan zuen gehienentzako kirola sustatzeak, nahiz eta denontzako kirola deitu, gizarte multzo handienean pentsatuz planifikatu baitziren instalazioak eta kirol programak. Orain, haratago joatea proposatzen dizuet, eskaintza fintzen eta beharra dutenei erraztasunak emanez.
Iraunkortasuna. Ugari dira kontzeptu horren abizenak: ingurumenekoa, energetikoa, ekonomikoa, soziala… Egiten duguna egiten dugula, gure premiak edo nahiak asetzeko ez dugu etorkizuna kaltetu behar. Adibidez, kirol instalazioen arloan erronka handiak ditugu: kontsumoak murriztea, energia garbiak erabiltzea eta ahalik eta gutxien kutsatzea. Instalazio edo ekipamendu bat egiterakoan aztertu beharra dugu zein eragin izango duen naturan, zein kostu izango duen mantentzeak, zelako lanak ekarriko dituen zabalik mantentzeak. Eta antzera abian jartzen ditugun ekimenekin: jarduerak iraunkorrak nahiz puntualak izan, horien iraunkortasuna ikuspuntu ezberdinetatik presente izatea proposatzen dizuet.