Kirol-lanbideetan jarduteko legea

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Ugarteburu 2022ko aza. 25a, 00:00

Hamaika urte behar izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan 8/2022 Legea onartzeko. 

Denbora larregi, baina, azkenean, badugu lege bat, non arautzen den jarduera fisikoa eta kirol arloan profesional gisa jarduteko zeintzuk diren bete beharreko gutxieneko baldintzak; bai hezkuntzan, aisialdian, lehiaketetan, bai eta zuzendaritzan ere.

Ulergaitza da kiroletako arlo askotan orain arte zehaztuta ez egotea zein prestakuntza izan behar duen entrenatzaile, monitore edota arduradunak, kontuan izanik gure haur, gazte, heldu eta adindun pertsonekin igarotzen dituzten orduak eta pertsonengan izan ahal duten eragina.

Lau lanbide bereizten ditu legeak: soin hezkuntzako irakaslea, monitorea, entrenatzailea eta zuzendaria.

Erronka garrantzitsua izango da, moldatzeko epe luzea emanda, 2026. urtean indarrean sartuko den legea. Kirol elkarteetan, gimnasioetan, udal kiroldegietan eta abarretan zerbitzu profesionalak kontratatzeko baliabideak jarri beharko dira; eta hainbat kasutan ez da erraza izango, kirol elkarte batzuentzat aldaketa handia izango da eta.

Formazioa duten profesionalak eskatuko dira, eta, horrela, kalitatea bermatu nahi da, eta formazioa edo zerbitzu egokia eskaini: metodologia egokia, eduki aproposak lantzea, hizkuntza zaintzea, genero ikuspegia kontuan hartzea…

Nire lagun batek askotan esan dit: "Balio duena baino gehiago kostatzen da kirola". Baina, kasu askotan, balio duena baino askoz gutxiago ordaintzen dugu eta, horren ondorioz, lanean aritzen diren monitore eta entrenatzaileek gutxi kobratzen dute. 

Denbora honetan moldatzen joan beharko dugu, eta jasotzen diren kirol zerbitzuengatik gehiago ordainduz, gehienbat, kirol elkarteetan, gure bizitzako beste arlo askotan ordaintzen dugunaren pare, ea lan-baldintza duinak eskaini ahal diren, proiektuak eramangarri bihurtu eta kalitatekoak izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak