Ezin ditugu ahaztu, eta ez ditugu ahaztu behar.
Baina aro berri baten aurrean gaude; erronka ugari ditugu parez pare, pertsonalak eta baita taldekoak ere; eta hauei aurre egiteko jarrera positiboa izatea proposatzen dizuet.
Uste dut gehienok ikasgairen bat gutxienez atera dugula: zein ondo bizi garen Euskal Herrian, zein gutxi baloratzen dugun normaltasuna, zein beharrezkoak diren lagunak…
Eta hemendik aurrera zer? Arriskua hor dago. Neurriak hartu behar ditugu normaltasun berrira egokitzeko. Eta ez dakigu noiz arte... Baina egoera berri honetaz disfrutatzeko gai izango gara, seguru.
Kirol arloan erabateko aldaketa izan dugu. Hain soziala den ekintza zazpi aste hauetan banakako jarduera bihurtu da; baina, hala ere, nahiz eta mugatuta egon, lagungarria izan delakoan nago. Maiatzetik aurrera berriz ere jarduera fisikoaz eta kirolaz kalean disfrutatu ahal izango dugu, momentuz banaka edo familian; aurrerapauso garrantzitsua.
Gure herrietako kiroldegien irekiera ere aste gutxi batzuetan etor omen daiteke, baina jakin behar dugu mugak izango dituela. Instalazioetako edukierak herenera edo erdira murrizten badira, irizpideak jarri beharko dira sarrera mugatzeko: abizenak, bizi garen kalea, aurrez izena ematea. Beharbada, erreserbatu egin beharko dugu egun, ordutegi, espazio edo makina zehatza. Ez da joan zen urtean genuena, baina azken asteetan izan duguna baino askoz gehiago da. Udalen eskaintza errealitate berrira egokitu beharko da.
Eskola-kirola amaitu da, eta kirol federatuan ere denboraldia bukatu dela esan daiteke. Ikusiko dugu noiz eta nola hasiko den hurrengo denboraldia.
Hemendik gonbidatzen zaituztet malguak izatera, arduratsuak, kontzienteak, solidarioak, baikorrak. Eta horrela, denon artean beteko dugu botila.