Kirola eta ekitatea

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Ugarteburu 2019ko mar. 15a, 08:17

Behin baino gehiagotan defenditu izan dut kirola modu egokian praktikatuz gero onura asko dakarkigula; zoriontasuna, osasuna, taldean lan egiteko ohitura, elkartasuna, esfortzuaren balioa, eta abar.

Oraingo honetan, kirola ekitatea lortzeko tresna egokia izan daitekeela adieraztera natorkizue.

Baina zer da ekitatea? Kasuan-kasuan bakoitzari berea, behar duena edo merezi duena, ematea da. Eta ez da gutxi. Pentsatzen dut gehienok hori lortzearen aldekoak izango garela.

Ondo baino hobeto dakigu askok eta askok behar edo merezi duguna baino askoz gehiago dugula; gure ingurura begiratu besterik ez dago. Baina zenbatek ez dute behar edo merezi dutena? Zoritxarrez, munduko biztanleriaren zati handi batek. Diotenez, munduko biztanleriaren ia erdiak –2.800 miloi pertsona– 2,5 dolar baino gutxiago ditu egunero bizi ahal izateko. A ze tristura!

Gure inguruan egoera askoz ere hobea da; ekonomiaren martxari esker, erakundeen konpromisoagatik eta elkarteen lanagatik, besteak beste, egoera txarrean dauden gehienek 2,5 dolar baino gehiago dituzte egunero bizi ahal izateko, baina, hala eta guztiz, ez dute behar dutena edo merezi dutena.

Gurean, ditugun kirol baliabideak –ekipamenduak, elkarteak, zerbitzuak, eta abar– kontuan izanik, esfortzu txikia eginez, bazterkeria egoeretan daudenei gizarteratzen lagundu diezaiekegu, oztopoak ezabatuz eta erraztasunak eskainiz.

Bergaran, adibidez, Eskola Kirolean tarifa soziala eskainita –kuotaren %25 inguru ordainduta– 28 haur gehiagok eman dute izena, integrazioa errazteko dituen onurekin. Herriko kirol taldeei eskatu diegu kobratzen dituzten kuotetan berdina egin dezatela, behartsuenei tarifa murriztuak eskainiz. Eta, nola ez, kirol zerbitzu publikoetan berdina egiten ari gara.

Proaktiboak izan behar dugu, gonbidatu egin behar ditugu eta kirol mundura sarrera erraztu, eta aholkularitza-gidaritza zerbitzua eskaini; kirol aisialdia aukera paregabea baita sozializatzeko eta hobeto sentitzeko. Modu horretan, "behar duten edo merezi duten" horretatik gertuago izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak