Bizikletaren Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Ugarteburu 2018ko mai. 11a, 07:37

Urtero legez, apirilaren 19an, Bizikletaren Mundu Eguna izan zen; bizikletaren erabilera sustatzeko, txirrindularien segurtasuna erreibindikatzeko, mugikortasun jasangarria proposatzeko, herritarrentzako herriak eta hiriak eskatzeko, bizitza osasungarriagoa izateko…

Badakit Euskal Herrian bizi garela, eta amaitzear dagoen negua nolakoa izan den ere ezin ahaztu, baina bizikletak gehiago erabiltzeko gonbidapenarekin natorkizue.

Asko dira asmatu ditzakegun aitzakiak nire eskaerari ezetza emateko: auto larregi daude, ez dakit nondik joan behar dudan, aldapa asko daude, eguraldia… Kasu askotan, arrazoi guztiarekin, baina, gaur egun, gurea baino hotzagoak eta aldapatsuagoak diren eta auto gehiago dituzten hainbat tokitan, bizikletaren erabilera gurean baino askoz ere handiagoa da.

Urte batzuk baditut eta oraindik ere gogoratzen dut 70eko hamarkadan lagun kuadrilla osoak, udan, Debako txaletei buelta ematen genienekoa, bizikletako manilarrean eskuak jarri barik; edo Eibarko kaleetan bizikletaz ibiltzen ginenean. Kaleetan jolasten ginen; oinezkoen, pertsonen, haurren, gazteen eta helduen kaleak ziren.

Gaur egun, gure inguruetako herri gehienetan hori galduta dago. Autoentzako kaleak dira eta gure bizi kalitatearen maila jaitsi egin da. Ez nabil ezer asmatzen; Europako hainbat tokitan apustu garbia eta handia egin dute hiriko mugikortasuna aldatzeko, pertsonentzako hirietara bueltatzeko.

Bizikleta gehiago erabiltzea ona da gure osasunarentzat, gure ingurumenarentzat, gure bizikidetzarentzat… eta, herritarrak garen aldetik, bizikleta gehiago erabilita, hiri eta herri seguruagoak, atseginagoak, politagoak erreibindikatu ditzakegula uste dut.

Norberak egin behar du lehenengo aldaketa, ondoren besteei eskatu edota erreklamatzeko.

Animo, gure esku dago!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak