Udal hauteskundeak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Ugarteburu 2015ko ots. 20a, 09:07

Berriz ere gainean ditugu hauteskundeak. "Dagoeneko lau urte igaro dira?", esango du batek baino gehiagok.

Niri, lau urteko epea motzegia iruditzen zait, baina horrela ezarrita dago, eta, aldatzen ez den bitartean, horrela izango da. Baina ez dut honetaz gehiago idatziko. 

Udal bateko langilea izanik, ondo jabetzen naiz zinegotzi eta alkateen garrantziaz, lan handia egin behar izaten dute eta makina bat erabaki hartu ere bai; batzuetan asmatu egiten dute eta beste batzuetan ez, eta, modu horretan, herriaren norabidea markatu eta baldintzatzen dute.

Baina zer darabilgu kalean ahoz aho edota sare sozialetan? Oso ohikoa da gaizki esaka aritzea politikarien eta politikaren inguruan: lapurrak, ustelak... Egia esan, politikan dabilen, edo ibili diren, hainbaten ibilbidea lotsagarria da eta ez da izan eredugarria; baina gurean, gehienek bokazioz eta borondate onenarekin dihardute politikan –gizartearen beste arlo batzuetan bezala–; gutxi batzuk soldatapean, gehienak borondatez.

Ohikoa da alkate edo zinegotziarengana joatea kexak edota gaizki egindakoak salatzera; beharrezkoa eta aproposa da, baina zenbat aldiz joaten gara zoriontzera edota egindakoa eskertzera?

Herrietan alderdi edota koalizioei zerrendak osatzea tokatzen zaie; gero eta zailagoa suertatzen ari zaie. Garai batean, prestigio-izena ematen zuen zinegotzi edo alkatea izateak; egun, ordea…

Okerreko bidetik goaz politikarekin eta politikariekin. Bereizi egin behar ditugu sagar ederrak eta ustelak, kargu politikoen desprestigio kanpaina eten behar dugu. Jende prestatua behar dugu, lan egiteko gogoz eta herriaren alde egiteko asmoz dagoena. Gazte, heldu edo nagusi –erretiratzen direnen esperientzia ere aprobetxatu beharra dugu–. Asko dago jokoan, eta ostrukarena egiteak ez dizkigu arazoak konponduko.

Bitartean, zerrendetan joan behar duzuen guztiei, animo eta eskerrik asko! Nahiko lan izango duzuela seguru nago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak