Kirolaren Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Ugarteburu 2014ko api. 27a, 00:00

Unescok apirilaren 6a izendatu zuen Garapenerako eta Bakerako Kirol eta Jarduera Fisikoaren Nazioarteko Eguna. Ez da makala, bakerako eta garapenerako...

Errealitateak baieztatu digu kirolak bakerako duen ahalmena mugatua dela. Neguko Joko Olinpikoak ospatzen ari zirenean Sochin, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka pil-pilean zegoenean, Sergei Bubkak –ukrainarra– su-eten olinpikoa errespetatzeko eskatu zuen, bere herriko kaleetan izugarrizko sarraskia bizi zen uneetan; baina ez zioten kasu handirik egin.

Eta zer esan dezakegu kirolak eta jarduera fisikoak garapenerako izan ditzaketen ahalmenen inguruan? Aspalditik maite ditut bai kirola bai jarduera fisikoa. Asko eman didate. Baina garbi daukat hauen eragina ona edo txarra izan daitekeela, positiboa edota negatiboa; berez ez direla onak edo txarrak. Garbi daukat, baita ere, gizartea aldatzeko edota hobetzeko tresna baliagarriak izan daitezkeela. Norberaren garapenaz berba egiten badugu, jarduera fisikoak eta kirolak lagungarriak izan daitezke: autonomia garatzeko, autoestimua igotzeko, osasun fisiko edo mentala hobetzeko, hobeto sentitzeko… Eskaintzen dizkigun onurak kontuan harturik, eta gizartearen bilakaera ikusirik (loditasun eta obesitate tasa gero eta handiagoak, sedentarismoa handitzeak dakartzan beste gaitzak, gero eta bakardade gehiago), ez al duzue uste jarduera fisikoa eta kirola premia izatera ailegatu dela?

Gizartearen eta norberaren garapen egokiagoa lortzeko lan egin beharra dago; eskoletan, familietan, elkarteetan... Baina jarduera fisikoaren eta kirolaren kontsiderazioa aldatu beharra dago. XX. mendeko azken bi hamarkadetan kirola, gutxi batzuen produktua izatetik, eskubide bihurtzea lortu genuen. XXI. mendeko bigarren hamarkadan, haratago joatea proposatzen dizuet: kirola gizartearen garapenerako premia izatea, eta honek dakarren moldaketak egiten hastea. Animatzen zarete?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak