Hemendik irten eta Iparraldean errefuxiatu behar izan zenuen, GALen ekintzen mehatxupean, betiere. Garai hartan ohikoak baitziren iheslarien aurkako ekintzak, estradizio mehatxuak, bahiketak... Horrela bizi behar izan zenuen, 1981ean Ziburun atxilotu zintuzten arte. Ondoren, gose grebak eta protestak tarteko, askatu egin zintuzten. Askatasunak pare bat urte iraun zuen, 1984an berriro atxilotu zintuzten arte. Handik Venezuelara deportatu zintuzten eta ordutik ezin izan zara Arrasatera itzuli. 42 urte luze pasatu dira, beraz, Arrasatetik irten eta itzuli ez zarela. Arrasatetik Venezuelara 7.142 kilometro daude. Distantzia handia da senideek eta lagunek urte luze hauetan egin behar izan dutena zu bisitatzeko, horrek dakarren neke, sufrimendu, gastu… guztiarekin batera.
22 urterekin irten zinen Arrasatetik eta imajinatu ere ezin dut egin zer den hain gazte herritik irten behar izatea. Nik 24 ditut eta deportazioa zer den jakiteko ingurukoei galdetu behar izan diet. Orain badakit deportazioa Espainiako eta Frantziako estatuek hartutako erabaki politiko bategatik leku jakin batean bizi beharra dela, eta hainbat eta hainbat euskal herritarri aplikatutako neurria izan dela.
Gaur egun, bederatzi euskal herritar zaudete Venezuelan, Kuban eta Cabo Verden barreiatuta eta gogoan izan beharrekoa da deportazio hauek inongo oinarri juridiko edo legalik gabe ezarri zirela. Baina, Euskal Herriak bizi duen testuinguru politiko berrian, egoera hau behin betiko desblokeatzeko garaia da. Izan ere, ez da izango Euskal Herrian bizikidetza eta normalizaziorik preso, iheslari edo deportatu bat existitzen den bitartean. Inoiz baino garrantzitsuagoa da elkartasuna saretzea eta bakartuta, isolamenduan, etxetik urrun... dauden guztiei idaztea. Kaleak ezin ditugu bete, baina ziegak maitasunez betetzea gure esku dago.
----------
Inesa Ugalde Igartua
Arrasateko Sare
Arrasate