Zer ikusten dugu haiei erreparatuz gero? Bailara estuan kokatuta, azkar eta nolabait hazitako herriak.
Daukaguna daukagu eta hori onartu egin behar da, baina txukundu, behintzat, txukundu ditzakegu.
Nik neuk zeregin honetarako landaretza erabiltzea proposatzen dut.
Ikusi besterik ez dago zenbaterainokoa den landaredun eta landarerik gabeko kaleen arteko aldea.
Azken hamarkada honetan hirigintza jarduera asko burutu dira bailaran. Eta auzo berrien kasuan, gura edo ez gura, sikiera, aparkalekuen artean zuhaitz batzuk txertatu dira. Auzo zaharretan eginiko lanetan, aldiz, sarritan ez da gauza bera gertatu.
Kasuren bat edo beste ezagutu dugu, non saneamendu eta hornikuntzak aldatzeko zoladura guztia altxatu den eta berria egitean erabat lehen zegoen bezala utzi duten. Tristura sortzen dit niri horrek, batez ere zero landaretzadun kale batek zero landareduna izaten jarraitzen duelako eta hala jarraituko duelako hurrengo berrogei urteetan, zuhaitz bat bera ere sartzeko zirrikitu gabe.
Azkenaldian hainbeste entzun dugun zero hau positiboa izan daiteke kasu askotan, baina landaretzari dagokionez ez dut uste hain onuragarria denik. Hortaz, pentsa dezagun nola humanizatu –naturalizatu, kasu honetan– daitezkeen porlan eta asfalto hutsez eginiko kaleak.
Aretxabaletan, esaterako, bada talde bat herriko berdeguneetan, autobide inguruan… zuhaitzak landatzen dituena. Ekimen honi esker poliki-poliki herriko paisaia jantzi eta ederragotu egingo da. Baina ez da edertasunarengatik bakarrik, gure herriak direlako baizik. Maitasunez, naturaz jantzi behar ditugu.
Bila ditzagun zirrikituak porlan artean.