Moldaketak direla eta

Behin soziologo bati entzundakoak alarma moduko bat piztu zuen nire baitan.

Gaur egungo gizartearen bere irakurketa egiten ari zen. Haren ustez, azken hamarkadetan emakumeak aurrerapauso nabarmenak egin ditu eta gizonak beraien aldaketetara moldatu behar ei du. Horretan oinarritu zuen irakurketa. 

Ni erabat ados nago berak esandakoarekin, baina hankamotz geratu zela iruditu zitzaidan. 

Neuri zuzenki afektatzen didan arlo batek ere moldaketak eskatzen baititu, eta ez zuen horren aipamenik egin. Badira urte batzuk homosexualoi ere adoptatzeko eta umeak harreran hartzeko eskubidea aitortu zigutela. Guk, zorionez, eskubide hori praktikara eramateko aukera izan dugu eta zera baieztatu nezake: gizarteak moldatzeko izugarrizko kapazitatea dauka. Familia, lagun eta herri mailan ez dugu inolako arazorik eduki. Aldiz, esperientzia biziki positiboa izan da; jakin badakigun arren denoi kostatzen zaigula aldatzea. 

Oso pozik gaude, noski, baina poztasun hori ez da gurea bakarrik izan, besteengatik ere sentitu ahal izan dugu. 

Azken finean, onarpena da jaso duguna. Egia esan, gu horri begira ez gauden arren, ez dago hori baino adierazle hoberik gizarteak eboluzionatu egin duela erakusteko. 

Baina tira, eboluzionatzeke dagoena administrazioa bera da. Guraso izatean baimenak lortzeko bete behar izaten diren dokumentuak oraindik ez ditu eguneratu. 

Neuri pertsonalki ez dit buruhauste handirik sortzen amatasunari dagokion atala mutil izenez betetzeak; baina ez zait serioa iruditzen, arazoak ere sortu sortzen baitira. 

Hau horrela, baimen horiei izena aldatu beharko liekete; bi aita dauden lekuan amarik ez baitago, ezta aitarik ere bi ama dauden familietan. 

Horra hor moldatu beharreko gauza bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak