Irainez jositako idatzi horren estrategia begi bistakoa da: EH Bildu alderdi konbentzional bat dela ulertaraztea. Alderdiekiko desilusioa gorantz doan garaiotan, batzuek kezkaz bizi duzue gure proiektuak jendartean piztu duen ilusioa. Boluntario askoren lanari eta ahaleginari esker ateratzen dugu aurrera EH Bilduren jarduna, zintzotasunez eta umiltasunez, herri honetan gauzak beste modu batean egin daitezkeela sinesten dugulako. Gero eta gehiago dira egitasmo honekin identifikatuta sentitzen diren pertsonak, eta inpotentziaz ikusten ari zarete denborak aurrera egin ahala ezkerreko alternatiba hau gorantz doala. Guztiz logikoa, beraz, zuen saiakera. Baina ez duzue inor engainatzen.
Ezker "aberatsarena" ere oso mezu erabilia da eskuin erreakzionarioenetan. Zein da, ba, ezkertiar izateko izan daitekeen gehieneko diru kopurua? Zein gehieneko soldata? Ezkertiarra izatea borondatezko hautu bat da, hitzez baino gehiago, ekintzez erakusten dena. Gutxi batzuen pribilegioak mantentzearen alde baino gehiago, guztion bizitza duinaren alde lan egiten duena da ezkertiarra, aberastasunaren banaketa justu baten alde egiten duena, garapen eredu jasangarri bat lehenesten duena, etab. Guztiok egin dezakegu lan norabide horretan, izan eskubide berriak borrokatzen, izan ditugun pribilegioei uko egiten. Kondizio ekonomikoak eskuinean lerrokatzeko tentazioa handitu dezake, baina inor ez dago a priori ezkertiar izateko desgaituta.
EH Bildu ezkerreko hautu hori egin duten pertsonen komunitatea da. Zuen korporazioaren lehentasunak, aldiz, beste batzuk dira: Euskaltel eta Kutxabank bezalako enpresa publiko estrategikoak oparitzen dituzue esku pribatuetara, AHT bezalako proiektu eztabaidagarrietan xahutzen duzue dirua, oinarrizko zerbitzuak murriztu eta pribatizatzen dituzue –ez, Zaldibarkoa ez zen istripu soil bat izan, zaborraren kudeaketan etekinak lehenestearen ondorio baizik–, De Miguel bezalako korrupzio kasuek urteetan zehar zertan aritu zareten erakutsi dute… PNVk gutxi batzuen pribilegioak lehenetsi ditu, disimulurik gabe, eta orain ezkertiar izatea hipokrita dela sinetsarazi nahi diguzue? Guk sarritan sartuko dugu hanka, baina eskua inoiz ez, eta ez duzue gure jendea politikatik enpresa handietako administrazio kontseiluetara salto egiten ikusiko –berdina esan dezakezue zuek?–.
Politikan aldaketa prozesuak ez dira bat-batekoak izaten, baina herri honetan ezkerreranzko joera indartzen ari da eta larri zaudete. Agerian gelditzen ari da zuen politika klientelista, eta ez duzue etorkizunera begirako proiekturik. Dena den, ez gaituzue eztabaida antzuetan katramilatuko. Izan ere, gure jarraibidea guztiz desberdina da: hausnarketa kolektiborako espazioak sortzea eta, sinesten duguna gauzatu bitartez, herria hobera eraldatzea. Ezkerra, izatekotan, eraldaketa sortzeko duen ahalmenean da aberatsa. Eskuinak, aldiz, esanahi bakarrean ulertzen du hitz bera. Horra hor zuen pobreziaren erroa.
----------
Igor Tome Korkostegi
Oñatiko EH Bilduren izenean
Oñati