PPNV: "Printzipio" kontuak eta benetako lehentasunak

Erabiltzailearen aurpegia Igor Tome 2018ko mai. 25a, 08:49

Berriro egin duzue. Hamaikagarrenez. Ez dugu esango gehiegi harritu gaituela, tamalez ohituta baikaude zuen aurpegi bikoitzeko joko politikora. Egun berean, goizean Gasteizen erabakitzeko eskubidearen alde agertu eta, arratsaldean, 155. artikuluaren bultzatzaileei eskua eman Madrilen.

Ez da Europako gobernu ustelenaren –datuek diote, ez guk– biziraupena bermatzen duzuen lehenengo aldia. Hala ere, azken erabaki hau bereziki larria da. Alderdi Popularraren aurrekontuak babestuko zenituztela iragarri zenutenean, ahalegin handia egin zenuten erabaki hori justifikatzeko. Normala, gauzak dauden bezala egonda, aurpegia eta sormena behar dira horrelako hautu bat defendatzeko.

Zuen "garaipena" saltzeko, Madrilgo gobernuari bi baldintza jarri zenizkiotela esan zenuten: pentsioen igoera eta 155. artikuluaren indargabetzea. Duintasuna elkarteko kideek gogor kritikatu zuten pentsioen bueltan egin zenuten akordioa (Goiena, 2018/05/04). Argi utzi zuten soilik bi urteko iraupena izango duen igoera sinboliko horrek ez duela pentsioen arazoa inolaz ere konpontzen. Gainera, handik gutxira, Gasteizko parlamentuan gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea bermatzeko mekanismoak ezartzeari uko egin zenioten. Propaganda hutsa.

155. artikulua indargabetzeari buruz, zer esango dizuegu, ba? Zuentzat "printzipio kontua" omen zen, igaro ezineko marra gorria. Guk dakigula, artikulu horrek indarrean jarraitzen du, eta, gainera, kataluniar herriaren subiranotasuna bahituta daukan interbentzio horren alde berretsi dira PP, PSOE eta Ciudadanos duela gutxi. Eta jakin badakizue gaur Kataluniari gertatu zaiona bihar lasai asko hemen ere gertatu dakigukeela. Hala ere, zuek aurrera.

Bi horietaz gain, azpimarratu duzuen beste lorpen bat Madrilgo gobernuak "Euskadirentzat estrategikoak" –horretaz ere luze hitz egin dezakegu– diren inbertsio batzuk onartu izana da. Zuek ere ondotxo dakizue horrelako tratuen betetze maila zein izan den orain arte…

Eta bakegintzaren alorrera bagoaz, hain justu ere, Rajoyk UPNri presoen egoeraren inguran EAEko eta Nafarroako lehendakariekin ez duela hitz egingo ziurtatu dion aste berean eman diozue eskua.

Benetan kezkagarria da PNVren zuzendaritza azken urteetan hartzen ari den bidea. Bizi ditugun garai korapilatsu eta gorabeheratsu hauetan, kezkatuago dago bere interes alderdikoi eta pribatuei erantzuteko espainiar oligarkiarekin dituen harremanak ondo zaintzeaz, Euskal herritarren oinarrizko eskubideak eta etorkizuna bermatzeaz baino. Berriro ere erakutsi duzue zuen lehentasuna zein den, eta zuen hitzak zenbat balio duen.

----------

Nerea Zubia eta Igor Tome

Oñatiko EH Bildu

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak