Herritar talde bat antzerako testuak sartzen aritu gara Gipuzkoako udal desberdinetan, eta erraustegiaren bultzatzaileek gobernaturiko oso udal gutxik erantzun dute –eta erantzun gehienak benetan lotsagarriak izan dira–. Debagoienean ere antzera gertatu da. Mankomunitatearen partetik antzerako zerbait espero dugunez, berau publiko egitea eta gai honetan instituzio batzuek darabilten ezkutukeria publikoki salatzea erabaki dugu. Hona hemen testua:
Orain gutxi jakin dugu gipuzkoar guztion diru publikotik 60 milioi euro ordaintzen ari garela bankari, EAJk ezkutuan sinatu, angulekin ospatu eta orain aste batzuk epaitegietan defendatu duen tratu horrengatik.
Informazio zehatzen faltan, kalkulatzen da 1.500 milioi euroko zor ilegitimoa eragingo digula erraustegiak, herriei zor izugarriak eraginez.
Gainera, diru horretatik ehunka milioi euro zuzeneko irabaziak izango dira enpresentzat. Jakin dugu erraustegiaren proiektua sinatuz gero, ondoren albo batera uzten bada 600 milioi euro oparitu beharko dizkiegula enpresei, kalte-ordain bezala. Herritarron dirua, zuzenean %1aren poltsikora kontratu eta kalte-ordain kontzeptuetan.
Garai latzak bizi ditugu. Gizarteko sektore handi bat kolpaturik dago ekonomikoki, eta aberatsen eta gainontzeko guztion arteko tartea izugarri hazten ari da. Bitartean, Gipuzkoako Aldundiak behar ez dugun erraustegi bat eraiki nahi du diru publikoarekin nola edo hala. Albiste solteak ateratzen diren arren, ez dugu 35 urtetarako zorpetuko gaituen kontratuari buruzko informaziorik.
Horregatik, zera eskatzen dugu:
1- Gure izenean 2017ko apirilaren 3an sinatu den kontratua ikusi nahi dugu. Egia jakin nahi dugu.
2- Mankomunitateei eskatzen diegu herritarrak informa ditzatela. Erraustegira bideratu nahi dituzten eta denonak diren milioika eta milioika euro horiek nondik aterako dira? Zenbat ordaindu beharko dute udalek? Gipuzkoako Aldundiak jarriko al du dirurik?
3- Erraustegia eraikitzean, sustatuko al duzue birziklapena zuen parte diren udaletan?
4- Alternatibarik bilatu al da?
5- Planteatu al duzue sinatu berri den kontratu hau baino merkeagoa dela mankomunitateek zaborren tratamendu eta bilketaren eskumena berreskuratzea?
----------
Igor Tome
Debagoiena Zutik-en izenean
Debagoiena