Gutxi batzuen neurrira eraikitzen ari dira herri hau, soilik beraien interesei erantzuten dieten legeak eginez eta guztionak beharko luketen baliabideak mahai baten bueltan banatuz. Burla egiten digute.
Gipuzkoan eman diren atzerapausoei erreparatzea besterik ez dugu. Besteak beste, aberatsenei zuzendutako zergak ezabatu dituzte, gutxieneko diru sarrerak bermatzen zituen AGI diru laguntza kendu duten bitartean. Eta orain, gipuzkoarrok hurrengo 35 urteetarako hipotekatuko gaituen erraustegia eraiki nahi dute, beharrezkoa ez dela jakinda ere. Aipatzen genuen gutxiengo horren mesedetan hartutako beste erabaki politiko baten aurrean gaude, bizi dugun sistema ustel honen beste adibide baten aurrean, zalantzarik gabe. Gutxi batzuk aberastea da erraustegiaren eraikuntzak eduki dezakeen zentzu bakarra. Ez diegu utziko!
Ez dezagun ahaztu: gehiengoa gara. Langabeziara edota prekarietatera kondenatuta gauden gazteak gara, matxismoa pairatzen dugun emakumeak, hilabete bukaerara heltzen ez garen pentsionistak, baztertuak garen etorkinak, lan erreformen ondorioak zein eskubide sozialen murrizketak pairatzen ari garen herritarrak… %99 gara, gure lepotik bizi den %1aren aurka. Eta erraustegia eraikitzen badigute, berriro ere ziria sartuko digute. Betiko berdinek berriro ere patrikak beteko dituzte. Noiz arte? Mundu hau beraien neurrira eraikitzen utziko al diegu?
Donostian Gipuzkoa zutik ekimenari hasiera eman zitzaionetik ia hiru aste pasatu diren honetan, bertan sorturiko olatua Gipuzkoa osora zabaltzeko unea iritsi dela deritzogu. Gure bailaran ere baditugu betikoen interesen zerbitzura daudenak, eta horiei ere parean izango gaituztela erakutsi behar diegu. Hona gure proposamena: astelehenean (ekainak 20) 19:00etan mankomunitate parean (Arrasate) elkarretaratze bat egingo dugu Ustelak lurpera, bizitza da handiena lelopean. Ostean, asanblada bat egingo dugu, borroka honetan gure bailaran eman beharreko pausoak zehazten joateko. Guztiok izango zarete ongietorriak. Animatu eta parte hartu, erraustegia gelditzera goaz eta! Ekarri bizipoza eta lotarako zakua!
----------
Jone Ojea, Amagoia Muniozguren eta Igor Tome
Debagoiena