Egia esan, ez zait aproposa iruditzen duela 11 urteko trapu zaharrak ateratzen hastea eta, beraz, ez dut Oñatin burutu den kanpainarekin bat egiten. Hala ere, lotsagarria iruditzen zait oraingoan ere ekintza hori ezker abertzaleari egoztea. Asko dira gure herrian EAJrekin kritikoak diren sektoreak, eta ez da bidezkoa, zuen interes politikoak direla medio, errua beti berdinari botatzea. Oposizioan ere duintasun minimo bat eduki behar da.
Hala ere, garbi daukat zuen aurreko asteko adierazpenen atzean helburu politiko jakin batzuk daudela. Zuek nahi duzuena kritika politikoak ekiditea da. Edozein kritika politiko "errespetuaren" eta "etikaren" eremura eramaten duzue, edukiari ihes eginez. Zuen erabaki politikoek sortzen dituzten ondorioen aurrean inpunitate osoa eduki nahi duzue, horretarako eztabaidak beste toki batzuetara desbideratuz. Noiz hitz egingo dugu arazoen muinaz?
Baina zuen helburuak oraindik haratago doaz. Kanpaina horren "moduak" gogor salatzen dituzue. Zuen helburua kale kanpainak (kartelak, pegatinak…) kriminalizatzea da. Hau da, guztiok aukera berdintasunean aurkitzen garen gune bakarra (hots, kalea) deuseztatu nahi duzue. Guztiz logikoa iruditzen zait hori bilatzea, komunikabide gehienak zure esanetara daudenean. Ba, zuen baliabideak ez dauzkagunok gure bideak aurkitu behar ditugu, eta kalea horietako bat da. "Irainei" dagokienez, ez dut uste pegatina horietan agertzen dena zuek ETBn botatzen dituzuenak edota azkeneko hauteskundeetan atera zenituzten panfletoak (bidegurutzearenak) baino gogorragoa denik. Hori bai, zuen pozoia sofistikatuagoa da…
Ahoa "demokrazia" hitzarekin betetzen duzue, baina ideien konfrontazio demokratikoa da, hain zuzen ere, beti ekiditen duzuena. Eta, horretarako, askotan barregarriak izatera iristen diren trikimailuak erabiltzen dituzue. Utziozue eztabaidak distortsionatzeari eta hasi zaitezte horrenbeste miseria sortzen ari den zuen gizarte eredua nola defendatu pentsatzen. Hori bai, parean izango gaituzue.
----------
Igor Tome
Oñati