Horra, Mari Domingi

Erabiltzailearen aurpegia Irene Perez Zumalde 2023ko abe. 24a, 00:00

Badira pare bat hilabete Gabonak direla; supermerkatuek hori diote, behintzat. Olentzerok eta Mari Domingik oles egiten didate apaletatik, katilu forman. Egun pare bat pasa orduko, baina, Mari Domingi bakarrik ageri da, irria ahoan, etxera eramateko erregua begietan.

Denon etxeetan izan da Olentzero. Garai zaharrenetatik hainbat aurpegi erakutsi dizkigu: gau guztiz erretzen diharduen enborra, tximinia garbi duzula miatzera datorren igitaidun hiltzailea, mila begi gorridun munstroa, herriko plazan erretzen den lastozko panpina edota, 80ko hamarkadatik gaur arte, euskal nortasuna aterpetzearen aitzakiaz kontsumismoak saltzen dizkigun ehunka produktuak. Elizak mozkor eta urde plantaz bere izena zikindu nahi izan bazuen ere, tinko dirau mito honek egun.

Mari Domingi, ordea, nor ote da? Sendabelarren jakituna, Ilargi eta Eguzkiren lagun mina, sagar erreen mireslea. Alabaina, beti Olentzeroren itzalean marrazten dugu. Biak izaten ditugu alborik albo plazetan haurrak agurtzen, baina non dago Mari Domingi gauez Olentzerok opariak banatu bitartean? Astoarekin hotzetan itxaroten, akaso? 90eko hamarkadan, aurrerakoiak izateko asmoz petatxo bat jarri genion kondaira hilezkorrari. Sorgin honen mitoa freskoa da oraindik, badugu hau moldatzeko betarik. Hausnar dezagun andrazko honi zinez eman nahi diogun rolaren inguruan eta sor ditzagun nexka-mutilentzako erreferente boteretsuak. Denon esku dago, gu baikara Mari Domingi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak