Baina gu ere Amets Arzallusekin ados gaude, hamabigarren eguna izango da garrantzitsua, eta hurrengoak berdin. Zer gertatuko litzateke hamabigarren egunetik aurrera ere Euskaraldian izan dugun jarrera bera izango bagenu? Zuek topatu erantzuna.
Baina nahikoa al da? Gure ustez, herritarrok inplikatzea oso garrantzitsua da, baina hamabigarren egunean herri bultzada honek instituzioen babesa behar du. Euskara berreskuratzeko, hizkuntza politika eta plangintza eraginkorrak behar dira Euskal Herri osoan: euskarak ofiziala eta lehentasunezkoa izan behar du, gizonen eta emakumeen aukera berdintasuna lortzeko zapaldua den kolektiboak, emakumeen kolektiboak, diskriminazio positiboa behar duen bezala, euskarak ere diskriminazio positiboa behar du. Horregatik, hamabigarren egunean euskara berreskuratzeko herri bultzada mantentzeaz gain, instituzio guztien ahalegin handiagoa beharrezkoa izango da, baita Bergarako Udalarena ere. Batzuetan, Udalaren kanpo komunikazioa ikusita, badirudi ele bitan, modu orekatuan egitea nahikoa dela, eta hori gezur hutsa da. Bergarako Udala Euskaraldian ere ez da gai izan euskarari lehentasuna emateko: web orria, sare sozialak, bandoak… Antolatu dituen hitzaldi, kultur ekintza ugari –gehienak– gazteleraz izan dira… Euskaraldian! Zapaldutako hizkuntzak diskriminazio positiboa behar du, egunero. Are eta gehiago, Bergara bezalako herri euskaldunak, Ueman gauden herriak; aditu guztien arabera, klabeak gara berreskurapen prozesuan. Euskarak etorkizuna izango badu, nagusia izango den lurraldea behar duelako, eta lurralde zati horretako parte da Bergara –ia %80ko ezagutza–. Instituzioetatik herritarroi hamabigarren egunetik aurrera azken hamaika egunetan bezala jarraitzeko eskatzen digute, eta oso pozik egingo dugu, baina instituzioek ere entzun dezatela: 365 egunetan eman euskarari lehentasuna.
----------
Maren Belastegi eta Ibai Redondo
Sortukide eta euskaltzaleak
Bergara