Harrizko herria

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Redondo 2015ko eka. 1a, 10:17

Hauteskundeetako emaitza txarrak aztertzen ari garen honetan, oraindik ere Gasteizko Harresiaren irudiak burutik kendu ezinda eta Auzitegi Nazionalean Gazte Danbada antolatzearren...

...  epaitzen ari diren gazteak, bereziki Iraitz Salegi, buru-bihotzean, epaiketen inguruko hausnarketatxo bat egin nahiko nuke.

Zer egingo degu, alkar hil? Hori ez!, dio Benito Lertxundiren abesti ezagunak. Bada, pasa den astelehenean Gasteizko Harresian, abestia ia errealitate bilakatu zen. Eusko Jaurlaritzak bere herritarren kontra bidali baitzuen polizia, amorru biziz eta dozenaka zauritu eraginez. Biolentzia proportzionala? Bai, zera! 

Euskal herritarren gehiengo zabalak justizian oinarritutako bakea nahi duela seguru gaude. Bakea Euskal Herrian da, besteak beste, preso eta iheslariak etxean edukitzea, arrazoi politikoengatik inor ez kartzelaratzea, biktima guztien errekonozimendu eta erreparazioa eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea; hau da, gatazkaren arrazoiak konpontzea.

Euskal Herriaren askatasuna eta justizia sozialerako bidea bide baketsuetatik bakarrik urratzen ari gara euskal herritarrak. Ez, ordea, Espainiako eta Frantziako estatuak. Biolentzia estrukturalki erabiltzen dute gure herriaren aurka.

Horregatik, Gasteizko Harresia aldi berean esperantzaren eta tragediaren harresia izan zen. Tragediarena, estatuak nahi duena, bertako poliziaren (Ertzaintza) eta instituzioen bidez (Eusko Jaurlaritza) egiten duelako. Espainiar legearen, lege injustuen, lege inposatuen eta menpekotasunaren gurpil zoroan harrapatua dago Jaurlaritza. Baina hortik ihes egin nahi du?

Eta hurrengoan zer? Gasteizko Harresiak esperantza ere eragiten du. Euskal Herrian badaudelako estatuaren biolentziari aurre egingo dioten milaka pertsona harresiaren lehen lerroan. Kasu honetan, Ghandik bezala beraien gorputzak erabiliz, desobedientzia baketsua erabiliz. Baina lerro gehiago, askoz gehiago, behar ditugu. Herri Harresi bat egin beharra daukagu, maiuskulaz. Harriz harri, herriz herri, euskal herritar gehienak, bertako instituzio, alderdi, sindikatu eta eragileek osatua, giza eskubide guztiak, eskubide zibil eta politikoak estatu faxisten aurrean defendatuko dituena. 

Bukatzeko, besarkada bero bat harresien barruan zaudeten guztioi, Iraitzi eta Madrilen epaituak izaten ari diren guztiei, eta zer pentsa eman behar digun esaldia: "Harriak ditugu, baina ez dugu herririk. Harriak ditugu boltsilo zulatuetan, baina ez dugu inon eraikiko betirako etxerik. Harriak ederragoak al dira harresian?" (Joseba Sarrionaindia).

----------

Ibai Redondo

(Debagoieneko Sortuko koordinatzailea)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak