Jaurlaritzak "pertsona helburu"?

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Redondo 2015ko mai. 9a, 00:00

Nazio Batuen Erakundearen arabera, jana, ura, janztekoa eta bizilekua izatea oinarrizko giza eskubideak dira.

Bizitza duina izateko pertsona guztiek behar duten abiapuntua. 

Gure herrian, aldiz, negozio eta espekulaziorako tresna bilakatu da etxebizitza, administrazio publikoak ezer gutxi egin duelarik espekulazioari mugak jarri eta eskubidea bermatzeko. 

Gauzak horrela, gure herrian etxebizitzarena arazo sozial larria bilakatu dela baieztatu daiteke: gazteak gurasoengandik emantzipatu eta beraien bizitza antolatu ezinik dabiltza; etxebizitza bat erosi edo alokatu eta ordaindu ezinda gelditu diren familiak egunero botatzen dituzte beraien etxeetatik, kale gorrira; etxebizitza bat lortu eta berau ordaintzeko ia bizi gabe gelditu direnak ere ez dira gutxi; antsietate, depresio eta suizidio kasuak biderkatu egin dira gai honengatik. Hitz batean, etxebizitzarena lehen mailako arazo soziala da, Eusko Jaurlaritzak konpontzen lagundu behar duena, berea baita konpetentzia. 

EH Bilduren iniziatibaz etxebizitza lege berria proposatu, hausnartu eta onartu du Eusko Jaurlaritzak, etxebizitza eskubide bezala aitortzen duena eta eskubidea errealitate bilakatzeko neurri eraginkorrak jasotzen dituena. Bi alderdik bat egin dute proposamenaren aurka, EAJk eta PPk. Gai sozial eta ekonomikoetan gehienetan bat egiten dute bi alderdiok: politika fiskaletan aberatsak babesteko; hezkuntza eta osasunean murrizketak egiteko; banku publikoak pribatu bilakatzeko; makro-proiektuak eraikitzeko: AHT, errauskailua… Bai, makro-proiektuetarako badago dirua, barra-barra, gainera; etxebizitza eskubidea bermatu eta babes sozialerako, ordea, ez. “Pertsona helburu”, dio Eusko Jaurlaritzaren propagandak; zein pertsona?

-----------

Ibai Redondo 

(Debagoieneko EH Bildu)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak