AHT: faraoiak edo herritarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Redondo 2015ko ots. 1a, 00:00

Bergaran eta Euskal Herrian kapitalismoaren krisia sufritzen ari gara herritarrak: langabezia, lan baldintzen prekarizazioa, zerbitzu publikoen kalitatearen galera, etxegabetzeak…

Azken urteotan herritarron bizi baldintzak (bereziki emakumeenak) okertu egin diren arren, aberatsak orain dela bost urte baino aberatsago dira. Laster, munduko %1 aberatsenak gainontzeko %99ak baino aberastasun handiagoa izango du pilatuta. %1 horren artean daude AHTren obretatik dirua ateratzen ari diren eraikuntzako multinazionalen (ACS, FCC, Sacyr) eta banketxeen buruak (Botin familia nagusi). 

Asteazkenean, Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroa eta Ana Oregi Jaurlaritzako Lurralde Politikako sailburua izan ditugu Bergaran. PPk eta PNVk elkarri bostekoa eman eta guztion diruak beraien lagunen artean, eraikuntzako multinazional eta banketxeen artean banatu dituzte. Gaur egun, politika eta politikari hauek banketxeen eta multinazionalen menpe daudela agerikoa da. Horregatik, PPko eta PNVko buruek AHT bezalako obra faraonikoak erregalatzen dizkiete gorbatadun faraoi berriei. Eta esandakoa gutxi balitz, PPko buruak zuzenean faraoi hauen multinazionaletatik kobratzera pasatzen ari direla ikusten dugu, gauza bera PNVko hainbat bururekin: Josu Jon Imaz (Repsol), Javier Balza (Petronor), Mario Fernandez (Repsol, Iberdrola, BBVA, Kutxabank), Nuria Lopez de Gereñu (Confebask)... 

Multinazional eta banketxeek agintzen duten honetan, demokrazia da jokoan dagoena, herritarren boterea baita demokrazia. Demokrazia berreskuratu beharra dago, zapaltzen gaituzten estatuen aurrean eta boterea lapurtu diguten faraoien aurrean. Nire ustez, demokrazia behar dugu euskal bidea egiteko: Euskal Herrian dagoen aberastasuna garapen sozial, kultural eta ekonomikoaren alde jartzeko; enpleguan eta babes sozialean inbertitzeko; osasun eta hezkuntza sistema publiko eta kalitatezkoa eskuratzeko; inor bere etxetik bota ez dezaten; makroproiektuak behar ditugun edo ez erabakitzeko; estatu independentea osatu edo ez erabakitzeko. Gure herria estatu zapaltzaile zein multinazionalen atzaparretatik libre bizi dadin eta herritarrok arlo guztietan gure etorkizuna erabaki dezagun gehiengoak osatu behar ditugu. Faraoien lurraldean, menpean gaituztenak %99 gara, alderdi eta pentsaera guztietakoak, batu eta egin dezagun burujabetza eta justizia sozialerako euskal bidea.

----------

Ibai Redondo 

(Debagoieneko Sortu)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak