Bertan, eraien militantzia politikoagatik Madrilen epaituak izaten ari diren 28 gazteei pairatzen ari diren injustiziaren aurrean laguntza ez eskatzeko esateaz gain, hauen ingurukoei Estatu Espainol zapaltzailearen morroi izatea egozten digute, indarrean dagoen legalitatea obeditzen omen dugulako eta txintik esan gabe ordenamendu juridikoa betetzen dugulako, besteak beste, kudeatzen ditugun instituzioetan bandera espainola jarriz.
EAJko kideei esan nahi diogu estatuekin konfrontazio demokratikora eramango gaituen bidean urratsak elkarrekin egiteko prestutasun osoa dugula. Herri gisa, euskal herritarrok espainiar edota frantziar joko arauetan aukerak bilatu beharrean, euskal joko arauak elkarrekin idatzi behar ditugula deritzogu. Euskal Herriak bere etorkizuna prestatu eta eraiki behar du, bere buruaren jabe izanez. Euskal Bidea hori lortzeko apustua da eta inoiz baino beharrezkoagoa da gaur egun.
Bide propioa, egoki planteatutako posizio politikoen bitartez eta legitimazio demokratiko zabala lortuz egin behar da, indarrean dagoen legediak onartzen ez dituen helburu politikoak lortzeko. Bide horretan, desobedientzia ezinbesteko tresna izango da eta prest gaude bide hori egiten hasteko eta inposatuak zaizkigun hainbat lege (LOMCE,...), ikur (espainiar bandera,...) eta eremu (audientzia nazionala...) desobeditzeko. Baina horretarako gehiengo politiko eta sozialen sorrera eta aktibazioa nahitaezkoa da eta gustatuko litzaiguke EAJrekin posizio horretan bat egitea. Herri gisa desobeditzeko eta estatuei planto egiteko data eta ordua jartzea. Gure instituzioetako balkoietatik ikur espainola kentzea, ikastetxeetan LOMCE aplikatzeari uko egitea, audientzia nazionalean epaituak izateari uko egitea,...
Prest al dago EAJ, Madrilera begiratzeari utzi eta bide propioa elkarrekin diseinatzen hasteko? Euskal Bidea ez baita EH Bilduren egitasmoa, guztiok herri gisa elkarrekin egin beharreko bidaia da.
----------
Maider Otamendi, Xabier Vallina eta Ibai Redondo
(Debagoieneko EHBildu)
Debagoiena