... jendearen egoera ekonomikoa eta diru guztia atez atekoan inbertitzen ari dela. Gezurra eta manipulazioa Bergarako EAJren buruen marka bilakatzen ari da, gezurrak bidea labur.
Bergarako Udalak eta Mankomunitateak garapen ekonomikorako diru partida bikoiztu egin dute aurten 714.133 eurotik 1.561.138 eurora, inoiz garapen ekonomikorako egon den partida handiena da, eztabaidarako tarterik uzten ez duena.
Inbertsioa industria, lehen sektorea, merkataritza eta turismoa sustatzera bideratua dago, arloko eragile nagusiekin elkarlanean sortutako Debagoieneko Foro Sozioekonomikoan hartutako erabakiei erantzunez.
Baina ez da ekonomiaz, eskualdeaz eta Bergaraz hitz egin den foro bakarra. Madrilgo Diputatuen Kongresuan Bergara hitzetik hortzera izan berri dute. EAJk eraman du proposamena, Abiadura Handiko Trenaren Bergarako zati bat, Madrili dagokiona Jaurlaritzak finantzatzea.
EAJk abiadura handian egin nahi du Abiadura Handiko Trena. Bergarako Korapiloa deritzon tramurako dirua aurreratu nahi dute, Bergarako obren zati baterako 600 milioi euro. 600 milioi euro! Eztarrian korapiloa sortzen duen diru kopurua da eta Debagoienean herritarron eztarria estutzen duten hainbat korapilo askatzeko balio dezake: oinarrizko errenta duina, langabezia saria eta pentsio duinak herritar guztiei ordaindu; industria bizitzen ari den krisitik ateratzeko plan industrial integrala egin; ikerketa eta garapenean inbertsioak egin; enpresa txiki eta ertainei behar duten finantzazioa ziurtatu; hezkuntza eta osasun zerbitzuak hobetu; eta etxegabetzeen arazoa konpondu, adibidez.
Ez dezagun ahaztu, Gipuzkoa oso aberatsa da eta dirua ongi banatuz gero herritar guztion ongizatea lortzea posible da, bide horretan pausoak ematen ari zen Foru Aldundia oposizioak erreforma fiskala bertan behera utzi duen arte.
Nork irabazten du obra hauekin? Eraikuntzako multinazionalek( kasu honetan bereziki Sacyrrek) eta banketxe handiek. Hau da, eskubiko alderdi neoliberalek eta gobernuetan benetako agintea dutenek. Munduko 11 eraikuntza enpresa handienetako 7 espainiarrak dira eta horiek presio talde edo lobby izatetik ia gobernu izatera pasa direla esatea ez da gehiegi esatea.
Beraz, arlo ekonomikoan bi eredu argi eta garbi ageri zaizkigu: bata, pertsonetan lehentasuna jartzen duena EHBildurena; bestea, eraikuntzako multinazionalak eta bankari lehentasuna ematen diona.
Badakigu elkarlana dela bidea, baina elkarlana herritarren ongizatea eta eskubide sozialak bermatzeko izan behar da eta politika ekonomiko erabat eskuindar eta atzerakoiekin ezinezkoa da.
----------
Ibai Redondo
(Debagoieneko Sorturen koordinatzailea)
Debagoiena