Harrezkero, gauza asko pasatu dira munduan, Euskal Herrian eta Antzuolan ere. Ez alferrekoak, adibidez, Antzuolako Herri Eskolarentzat, aurten urtetako bere hezkuntza estilo edo ereduan oinarrituta, tesia aurkeztu delako Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako Huhezi Fakultatean. Zer du, bada, herriko eskolak berezia ikerketa sakon bat egiteko? Proiektu adostua izatea, hau da, elkarrizketa, komunikazioa eta elkarrekintza sozialean oinarrituta egotea, klabeak direnak edozein komunitateko egitasmo bat era adostuan eratzeko eta garatzeko.
Baina, goian adierazi dugun bezala, 32 urte hauetan gizartea etengabe aldatzeaz gain, hezkuntza bera ulertzeko era ere aldatu dela konturatu gara, tartean Antzuolako Hezkuntza Komunitatearena. Izan ere, tesi gaia izan den hezkuntza estilo honen protagonistak jubilatu edo jubilatzear daude. Irakasle berriek irakasle rola ulertzeko duten modua ere aldatu da. Aldaketak baita gure Hezkuntza Komunitate barruko beste eragile batzuen –batez ere, gurasoen– artean ere. Garai berriei atxikita beste mentalitate berri batzuk, dudarik gabe. Baina guztiek batuta adierazten dizkigutenak hezkuntza erronka berrien aurrean gaudela, eta eragina dutenak hainbesteko onurak ekarri dizkigun Antzuolako hezkuntza estilo honen bizi iraupenean ere. Beraz, orain arte egindakoa gal ez dadin eta etorkizuneko hezkuntza eredua berma dezagun, Antzuolako Hezkuntza Komunitatearen eragile guztiok hemendik aurrera eman beharreko pausoak definitu eta ahalik eta azkarren adosteko momentua iritsi dela uste dut.