"Baso naturalak" esaten dudanean ez naiz ari esku-hartzerik jasan ez duten basoei buruz; esku-hartzearekin edo esku-hartzerik gabe, ekosistema konplexu eta orekatua lortu duten basoez ari naiz. Egun, Euskal Herrian, behintzat, nekez aurkituko dugu gizakiaren esku-hartzerik jasan ez duen basorik. Esku hartzeko moduan dago gakoa, ordea. Ez da berdina irabazi ekonomikoei soilik bideratutako pinu edo eukalipto landaketa bat, edo bertako biodibertsitatearen kontserbazioa helburu duen kudeaketa eredu bat. "Baso naturala" esaten dudanean bigarrenaz ari naiz, naturaren jatorrizko egiturara hurbiltzen diren basoez, alegia.
Ni beti izan naiz basoen kudeaketa kontserbaziora bakarrik bideratu behar dela defendatzen duten horietakoa. Egurraren ustiaketa espezie bakarreko landaketekin lotu izan dut, eta kudeaketa eredu horrek, nahitaez, berarekin dakar biodibertsitatearen galera. Hala ere, azken urteotan basogintzaren errealitatea hurbilagotik ikusteak hausnartzera behartu nau. Agian, gaur egungo munduan egurraren ustiaketa erabat alde batera utzi eta basoen kudeaketa kontserbaziora bakarrik bideratu nahi izatea idealizazio apur bat inuzentea ere bazen.
"Herrialde garatuen" –edo "aberatsen" esan behar nuke, agian, egungo garapenaren kontzeptua diruan oinarritzen baita– joera produkzio bideak esternalizatzea eta enpresak deslokalizatzea da. Ez dugu nekazari izan nahi, ez dugu fracking-ik nahi, ez dugu fabriken kutsadurarik nahi… baina gure kontsumoa etengabe areagotuz doa. Hortaz: sagarrak Hego Amerikatik ekartzen ditugu, gasa Errusiatik eta arropa Bangladeshtik. Era berean, egurra eta egurraren deribatuak Txinatik ekar ditzakegu eta, modu horretan, nire ametsa egia bihurtuko litzateke: gure inguru hurbileko basoak ustiaketara bideratu beharrean, kontserbaziora bakarrik bideratzeko aukera izango genuke. Batzuetan zein eroso gauden hipokrisiaren besoetan, ez da hala?
Arazoari ezikusia egin baino gehiago, noizbait gure kontsumoaren erantzukizuna hartzen hasi behar genukeela uste dut. Eta horretarako modurik onena burujabetzarantz mugitzea dela esango nuke; hau da, herrialde batek –edo beste edozein antolamendu unitate; zenbat eta txikiagoa, hobeto– oinarrizko produktu gehienak produzitzeko baliabideak izatea, eta biztanleriaren kontsumoa herrialdeko produkzio propiora mugatzera jotzea. Bai, badakit ideia utopikoa dela eta hemen sekula ezingo dugula petrolioa produzitu; baina, dirurik ez duenak jatekorik erosi ezin duen bezala, agian, ez dagokigu Espainian –EAEko daturik ez dudalako– egunean 1,2 milioi petrolio upel kontsumitzea. Basoetara itzuliz, egurra eta egurretik eratorritako produktu mordoa kontsumitzen dugula ikusita, bertan ustiatu beharko genukeela deritzot. Baina, aldi berean, basoa zaindu nahi dut. Posible al da bi gauza horiek uztartzea? Baietz esango nuke. Badira bertako espezieekin eta esku-hartze ez agresiboen bidez basoen berezko egitura ahalik eta gehien errespetatu eta, aldi berean, etekin ekonomikoa ateratzea ahalbidetzen duten kudeaketa ereduak. Izan ere, ekosistema orekatu eta konplexu batek egur produkzioa baino askoz zerbitzu gehiago eskaintzen dizkigu, eta ahaztu egiten ditugu, balio ikaragarria izan arren; higadura moteltzea, ura eta airea garbitzea, klimaren erregulazioa, gaixotasunen kontrola eta kultura eta aisialdi zerbitzuak dira horietako batzuk, besteak beste. Etorkizunera begira, gure zilborrari bakarrik begiratuta ere, hobe genuke altxor hauek guztiak zaindu eta mantendu.
Kudeaketa eredu jasangarriei buruz luze aritu ninteke, eta badu bere mamia horraino iristeko bideak planteatzeak; iritzi artikulu labur batean, ordea, ezin dena sartu. Gainera, nahiago nuke zeregin hori gai honetan adituagoak direnei utzi. Eta desazkundearen kontua ere beste baterako utziko dut, zeren… uste duzue Euskal Herrian ustiatutako egurrarekin nahikoa izango genukeela gure kontsumo basatia asetzeko?