Kirolen jasangarritasuna

Aurreko asteko Puntua aldizkarian azaltzen zen Mendian zehar korrika izeneko artikulua izan da pizgarria hausnarketa hau irakurleekin partekatzeko.

Esan behar dut ez dela berria, aspaldidanik bueltan ari delako berau nire buruan. Izan ere, era askotako mendi lasterketak ari dira han eta hemen ugaritzen azken urteetan, eta euretako asko natura ondare ikuspuntutik oso toki sentikorrak eta, sarri, oso hauskorretan egiten direnak. Mendian ibiltzea gustatzen zait, eta, egia esanda, igandean Udalatx proban aintxintxikalariek zapaldutako inguruak ezagutzen ditut, batzuk, nire ustez, oso hauskorrak direnak, eta egiten ari diren lasterketek ez dietenak batere onik egiten. Ezagutzen ditut, aldi berean, Anboto, Txindoki, Aizkorriko bertikalak egiten diren inguruak ere, eta, egia esanda, ez zait batere gustatu txapelketek bertan lagatako aztarna, besteak beste, malda handienetan eta hauskorrenetan eragindako erosioa, eta gelditu ezean ugaritzen joango direnak. Badakit euskal mendi federazioak ere esku artean duela gai hau eta sentsibilitatea adierazi duela. 

Ni neu antzuolarra izanik, Antzuolan ere egiten da mendi lasterketa bat, eta momentuz bere eragina alde batera lagata, badugu udalerrian beste arazo larri bat gero eta jasanezinagoa dena; izan ere, izugarria da mendiko motoek herriko mendietan (Arrola eta Irimo), zelaietan, pistetan eta mendi magaletan sortzen dituzten triskantzak, eta jasanezina bihurtu duena, aurretik eta behingoan arautzen ez bada, aktibitate (edo kirol) hau. 

Honekin ez dut inoren zaletasuna izorratu edo mugatu nahi, ezta debekatzea aldarrikatu ere; bai, ordea, denon artean kalte ondorioak baloratzea. Burura datorkit han eta hemen ibiltzen naizenean Mikel Laboaren Maite ditut maite geure bazterrak izeneko kantua, baina lanbroak ezkutatzen dizkidanak ez zaizkit asko gustatzen. Eskerrik asko.

----------

Iñigo Ramirez de Okariz Telleria 

Antzuola 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak