Puntua aldizkariaren 480. zenbakiako Beste artxiboa atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Ez zen une batetik bestera pentsatutako erabakia izan, aspalditik baitzetorkion Antzuolari independentzia lortzeko nahia; esate baterako, armen alardea Antzuolan egiteko nahia adierazi zuten herritarrek 1536an, eta ez Bergaran. Bergarak nahi haren aurka egin bazuen ere, Valladolideko Epaitegi Nagusiak baimena eman zion Antzuolari herrian alardeak egiteko, 1597ko errege-zedula baten bidez.
Independentzia ere Madrilen egindako errege-zedula baten bidez eman zitzaion Antzuolari, 1629ko abenduaren 12an. Eta horrela lortu zuen, hain zuzen ere, San Migel egunean, irailaren 29an, alkatea, tenientea, sindikoa, bi erregidore eta epailea aukeratzeko gaitasuna.
Antzuolak Bergararekin izandako beste iskanbila bat udalerrian mugarriak jartzekoa izan zen; Atanasio Jimenez epailea izan zen hura kudeatzearen arduraduna, eta hark egin zuen antzuolarren lehendabiziko udal erronda ere. Horrez gain, zergak ordaintzeko ere akordio batera iritsi ziren Bergara eta Antzuola.
Testuinguruari begira
XVII. mendearen hasieran independentzia lortzearen arrazoia ulertzeko garaiko testuingurua ulertu behar da. Felipe IV.a (1621-1665) erregearen garaia zen; hain zuzen ere, Espainiak eta bere monarkiak une hartan bizi zuen gainbeheraren lekuko izan zen erregetzarena. Erregetzaren hasieratik jasan behar izan zuen Indiatik – Ameriketatik– zetozen metal preziatuen jaitsiera nabarmena; horrez gain, ugariak ziren han eta hemen zeuden gerrak. Egoera horrek ekarri zuen, bada, hain ezaguna dugun XVII. mendeko krisialdia Espainiara. Hala ere, ez zen soilik Espainian igarri krisialdia, Europa osoan ere beherakada nabaritu baitzen askotariko eragileengandik.
Krisialdi haren errudun bakarra, ordea, ez zen izan Felipe IV.aren politika; azken batean, haren aurretik egondako erregeen politiken ondorio besterik ez zen. Itzela izan zen, esate baterako, Felipe II.ak eta Felipe III.ak jasandako presio fiskala. Halere, ezin da ukatu Felipe IV.ak aurretik jasandakoak gainditu zituela, egoera ekonomikoa benetan katastrofikoa bihurtzeraino. Egoera hari aurre egiteko neurriak hainbat izan baziren ere, hau da aipagarrienetako bat: "Ez ziren karguak bakarrik saltzen, merituak eta eskerrak ere saltzen ziren, herrixkak beren hiribilduetatik emantzipatzeko baimenak saltzen ziren...".
Erabakiaren zergatia
Erabaki hura ulertzeko, XVI. mendera jo behar da. Espainiako monarkia kanpaina inperialistan sartu zen burubelarri orduko hartan, eta horrek hurrengo urte eta mendeetan itzelezko diruzorrak sorrarazi zizkion Espainiako inperioari. Bada, zor haiek ordaintzeko eta egoera gainditzeko makina bat bide, neurri eta trikimailu hartu behar izan zituzten erregeek; esate baterako, independentzia lortu nahi zuten auzoei herri izateko eskubidea saldu zien diru kopuru baten truke.
Bada, halaxe, 1614an, gortetik bidalitako eskutitz batean, erregeak korrejidoreari agindu zion azter zezala nolako kalteak eragingo zituen herriak zatitzea, horren truke erregeari laguntza bat eskainiz. Gaia, halere, horren konplexua izanik, 1615ean Bidanian elkartutako Gipuzkoako batzarrak ere erabaki zuen neutral mantentzea arazoari zegokionez; hala, erabaki haren berri eman orduko, Tolosa, Segura eta Ordiziako herrien etena eta herri berrien sorrera gertatu ziren, besteak beste. Ondoren, beste toki batzuetara zabaldu zen fenomenoa; esaterako, Legazpik 1614an lortu zuen Segurarengandik independentzia; Beasainek, berriz, 1615ean Ordiziarengandik; eta urte berean, baita Ataunek ere Ordiziarengandik.
Antzuolak zilarrezko 5.000 dukat ordaindu behar izan zizkion Felipe IV.a erregeari, askatasunaren truke
Testuinguru hura gogoan izanik lortu zuen Antzuolak ere Bergararengandik independizatzea, 1629ko abenduaren 12an, aurretik erregeari diruz donatibo edota zerbitzu bat eskainiz: "Izan ere, Italian eta beste leku batzuetan eskaintzen dizkizueten gerraabaguneetarako, hogei eta bost dukat zilar bikoitzez eman dizkidazue unibertsitate eta etxalde horretako herritar bakoitzeko, eta beste bostehun dukat epe jakin batzuetan ordainduak izan ondoren. Orain, errege eta jaun natural gisa erabili nahi eta erabiltzen dugun botere erreal absolutua dugu. Beraz, Antzuolako unibertsitatea Bergarako hiribildutik eta jurisprudentziatik atera, libratu eta aske utzi genuen".
Hala lortu zuen Antzuolak bere herri izaera; beste kontu bat da nola ordaindu zituen arestian aipatutako 5.000 dukatak. Hori hurrengorako lagako dugu.
Gipuzkoako hainbat herriren sorrera XVII. mendean
XVII. mendean independentzia lortu zuen Antzuolak, Gipuzkoako beste zenbait herrik bezala. Espainiako inperioa krisialdi betean zegoen eta garaiko erregeek, dirua lortzeko, herrixkak beren hiribilduetatik emantzipatzeko baimenak saldu zituzten; besteak beste, hauek:
Felipe III.aren erregealdian
• 1614 eta 1615. urteen artean lortu zuten herri izaera: Abaltzisketa, Alegia, Altzaga, Amezketa, Andoain, Anoeta, Arama, Ataun, Baliarrain, Beasain, Berastegi, Elduain, Ikaztegieta, Legorreta, Mutiloa, Orendain, Ormaiztegi, Urnieta, Zaldibia, Zegama, Zerain, Zizurkil...
Felipe IV.aren erregealdian
• 1629 eta 1661. urteen artean lortu zuten herri izaera: Aretxabaleta, Eskoriatza, Gabiria, Zumarraga... eta Antzuola.