Hala, bizitza beltza dela esaten dugu gertuko norbait hil delako, gaixotasun larri bat diagnostikatu digutelako edo orokorrean egoera animiko ahulean gaudelako. Orduan beltz kolorekoa ikusten dugu bizitza.
Arrosa kolorea, berriz, alderantzizko egoeretarako erabiltzen dugu: osasuntsu garenerako, zergatik ez, loteria-edo tokatu zaigulako edo, hemen ere, orokorrean garai animiko ona pasatzen ari garelako. Orduan arrosa kolorekoa ikusten dugu bizitza.
Ideologian ere kolore bitartez –edota koloreak erabiliz– adierazten dugu gure pentsamenduaren sinbologia: komunistek –edo iraultzaileek– gorria; anarkistek beltza; faxistek urdina; militarrek kaki kolorea…
Azkenengo hilabeteetan kolore ezberdinetako pentsaerak eta iritziak hautematen dira hedabideetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Azpiegiturako arduradunek Antzuola-Bergara autobiaren aurrean izan duten jarrera eta kudeaketa kolore grisaren inguruan, beltza ez esatearren.
Eta herritarrok, ze iritzitakoak gara? Ze kolore dute gure iritziek, jarrerek obra honen aurrean? Asteartean obra arduradunek emandako azalpen monokromo aurrean egon nintzen, eta, nola ez, jendeak bere galdera eta iritzi koloretsuak egin eta adierazi zituen, gehienak grisetik beltzera zihoazenak.
Konflikto honetan, ostera, konturatu nintzen forma aldetik ere garai bateko koloreak aldatu direla, eta oraingo herritar eta herri agintari askoren lehentasuna ez dela kalera irten –edo gure kasuan obrara irten–, pankarta bat jarri eta, zergatik ez, firmak jaso. Eta pentsatu dut: zenbat ahal duen koloreak!
----------
Iñigo Ramirez de Okariz Telleria
Antzuola