Gertakari hau dela eta, hainbat astetan antolatutakoek zer pentsatua ematen didate, eta ezintasunean eta aldi berean autokritikan oinarritutako hausnarketa bat azaldu nahi dut lerro hauexen bidez.
Hasteko, inpresioa dut Udala ez dela gai izan herritar gehientsuenoi zabor bilketa honen inguruan ilusioa transmititzeko. Gainera, pentsatzen dut herrian ez dugula benetako eztabaidarik izan; izan ere, hori saihestu, baztertu nahi izan da hasiera-hasieratik. Alegia, eztabaidatzeko aukerari, prozesuari uko egin dio Udalak. Eta pena izan da; izan ere, gaia hain sensiblea eta delikatua izanik, ziur nengoen herritarren parte hartzea handia izango zela, eta herritarrekin kezka horiek guztiak partekatuko balira, kontsentsu batera iristeko aukera on bat ere egongo zela, eta indikadoreak ere egon dira. Beraz, aho bateko ahots hau zoritxarrez galdutzat jotzen dut.
Ez dut uste euforiko egoteko motiborik dagoenik, ez dut pentsatzen jendearen iritzi pluralak kanalizatzeko asmorik ere egon denik. Atez atekoaren onurak adierazteko erabilitako arkitektura eta makineria guztia benetako eztabaida sortzeko erabiliko balu Udalak, agian orain beste panorama batekin topo egingo genuke, beste legitimazio batekin ere hitz egingo genuke atez atekoaz. Eta eztabaida hauek kanalizatzeko metodologiak egon badaude. Duela gutxi ikusi dugu herriko armarria eztabaidatzerakoan, eta zergatik ez zabor bilketaz eta sistemaz (atez atekoaz barne) hitz egiteko, adibidez?
Ahotsik gabekoen ahotsak errebindikatu nahi ditut lerro hauen bitartez, isilpean, ezintasunean-edo azalerazi gabe geratu diren herritar askoren iritziak. Atez atekoen bilerek atez atekoa sozializatzeko (ala inposatzeko?) besterik ez dute balio izan, eta ez benetako iritziak azaleratzeko. Metodologia horretarako prestatuta zegoelako.
Aho betez erabili izan dugu sarri herriari zor zaiola errespetua, herriari hitza eman behar zaiola, herriari erabakitzeko eskubidea ez zaiola ukatu behar, baina une honetan herrian ikusitakoak ikusita, goian aipatutako guztiak herriari ez ote zaizkion ukatu susmoa dut. Herria kohesionatzeko aukera paregabekoa galdu dugulakoan nago.
Eta egia esan nahi badut, ni neuk ere egindako akatsetatik nabil idazten; izan ere, denok gogoratzen dugu Torresoroaren gaiak herrian sortutako iskanbilak eta zatiketa. Agian norbaitek esan lezake ezin dela konparatu gaia eta garaia. Orduan Kultura zinegotzia izatea tokatu zitzaidan. Uste dut ez dugula prozesu hartaz ezer ikasi, harri berean ez ote dugun berriro estropezu egin susmoa dut.