Eta honakoa erantzun nuen: "Beti dago zerbait egiteko. Baina orain azken urteotan lortutako Ongizatearen Estatua mantentzearen alde egin behar dugu. Lanagatik borrokatu behar dugu, inor kalean geratu ez dadin".
Hori esaten nuen ikusten nuelako, krisi ekonomikoa aprobetxatuz, eskuma ekonomikoa Ongizatearen Estatua bertan behera uzten saiatu zela. Langabezia; lan erreforma; soldata baxuak; kaleratzeak; eta osasunaren, hezkuntzaren, gizarte prestazioen eta publikoaren desegitea neoliberalaren aurreratzearen ondorio dira.
Egoera oso negatiboa da, eta gaixoa botika gogorrekin baino ez da osatuko. Horren aurrean honako hau izan daiteke baliagarria: batetik, politikariak arazo sozialak konpontzen ez dituzten legeak aldatzeko daude; lege guztiak gizatiarrak dira, eta hortaz, moldagarriak. Bigarrenik, politika gehiengoarendako onuragarria den gizartea antolatzeko sortzen da, eta zoriontasunaren arabera dira ekimenak onak edo txarrak. Hirugarrenik, gizarte aldaketa ematen da egitura ekonomikoa moldatzen denean; ekonomiaren jabeek ez dituzte inoiz legeak edo politika aldatuko, inork ez baditu behartzen. Azkenik, giza protesta guztiak ongietorriak dira, geldialdiak porrot handiena bermatzen du-eta.