... testuinguru zehatzetan koka daitezke. Hain zuzen ere, hurrengoa negu gogorrean idatzitakoa da (eta agian, oraindik, gogorragoaren esperoan). Euria goitik behera erruz botatzen ari du eta gure lurraldeko toki askotan zuritu ere egin du.
Esan bezala, egun hauetan euriak eta elurrak lekua hartu diote ezohikoa izan dugun abenduari (egun batzuetan kapaz izan gara kamiseta manga motzean ateratzeko kalera). Orain, aldiz, milaka herritar ibaien hazkundeari begira daude ordu askotan. Kolore desberdineko alarmak piztu dira. Horrelakoetan hainbat gogoeta etortzen zaizkit burura.
Lehenengoa, azken urteetan askok izan duten harrotasuna naturarekiko. Izan ere, nahi duten tokian eraiki dute eta nahierara. Baina ama lurrak ez du ahazten. Denborarekin ordainarazten ditu berari egindakoak. Edo kasualitatea al da Bilbon bezalako hiri batean, uholdeak behin eta berriz izatea? Ez ahaztu: uholderik gogorrenetakoak Euskal Herrian hiri honetan gertatuak izan dira. Martuteneko auzokoak berriro ere larritu egin dira, zoritxarrez denbora tarte laburrean bigarren aldiz.
Bigarrenik, aire librean jarduten duten milaka langileen jardunaz oroitarazten naiz. Bada, zutabe umil honetatik nire animorik beroenak eman nahi dizkiet pertsona horiei guztiei. Horien jardun gabe ziurrenik askok ezin izango genuke gure egunerokoa aurrera eraman. Baita ere, ahaztu gabe, alerta egoeran dauden pertsona horiek guztiak. Eta ostean ondorioak jasan dituztenak ere zutabe honetara ekarri nahi ditut. Ea ekaitza azkar pasatzen den.
Zorionez, ibaia beti ez da berdina, eta aurrera egiten du. Iraganean egindakoak zuzendu daitezke. Guk ere aurrera egin behar dugu urak goitik zakar etorri arren.