828 miloi pertsonak ez zuten 2021ean elikagai nahikorik izan eta 2022an egoerak txarrera egin du; Ukrainako gerrateak eta inflazioak eraginda, besteak beste. Panorama penagarria eta eskandalagarria.
Horren planeta aberatsean, "zergatik hiltzen da oraindik horrenbeste jende gosez munduan?", galdetzen dio Karim haurrak aitari, Jean Zieglerrek idatzitako Gosea munduan neure semeari azaldua eleberrian. Nola azaldu horren ulergaitza eta esplikaezina den zentzugabekeria hori? Nola ulertu mundu gero eta teknologikoago, digitalago, jakitunago eta, azken finean, aurreratuago den honetan, oraindik gosearen gaitzerako sendabiderik aurkitu ez izana?
Gero eta onartezinagoa da, gizartearen elikagaien produkzio ahalmenak historian zehar izan duen bilakaera ikusita. Nazioartean gosearen aurkako lana gidatzea helburu duen FAO agentziak adierazitakoaren arabera, munduak arazorik gabe egungo biztanle bikoitza elikatu lezake; beraz, elikagai falta ez da, inolaz ere, halabeharrezko gabezia!
Azken urteotan ugaritu egin dira laguntza humanitarioko jarduerak, munduko gosea desagerrarazteko helburuak eta elikagaien xahuketa murrizteko jarduerak, baina datuek ez dute hobera egiten. Nazio Batuek 2015ean adostutako Garapen Jasangarrirako hamazazpi helburuetako bat 2030erako elikagaien segurtasunik eza amaitzea izan zen. Baina egungo egoeraren arabera, ordurako 670 milioi pertsona inguruk gosea pasatzen jarraituko dute: munduko biztanleen %8k!
Gosea aspaldiko kontua da, eta, hala ere, gaurkotasun handikoa. Baina, gaurkotasun handikoa izanik ere, tabua izaten jarraitzen du; gobernuak, herrialdeak eta, oro har, aberatsagoak diren, garen, gizarteak lotsarazten gaituen gaitza, ezikusiaren eta isiltasunaren oihal atzean ezkutatzen duguna, galdutako bataila balitz bezala.