Kontsumo-ohitura ala militantzia?

EAEko egoera sozioekonomikoaren bilakaerari buruzko txosten bat irakurtzeko parada izan dudan honetan, arreta deitu eta, era berean, poztu egin nauten emaitza batzuk partekatu nahi nituzke.

Espainiako erkidegoen arteko kultur kontsumo ohituren inguruko datuak alderatzen dituen txostena da, hala nola adin-tarte ezberdinetan liburu-irakurketa eta zinema, kontzertu, museo eta antzerkirako asistentzia ohiturak. Espainiako estatistika kulturalaren 2021eko urteko txostena-ren arabera, gure erkidegoa da, beste 3-4 erkidegorekin batera – Madril, Katalunia, Nafarroa…–, liburu-irakurle ratio altuena duena, edota enplegu kultural gehien sortzen duen erkidegoa – Madril, Katalunia eta Balear irlekin batera–. Horrek ez nau harritu, beste sektore batzuen inguruko hainbat adierazletan ere goiko mailetan maiz aurkitu izan ohi dugu-eta gure Herria.

Baina beste konklusio batek zer pentsa eman dit. Kuriosoa –eta pozgarria– egin zaidana da kasu guzti-guztietan nabarmentzekoa dela euskal-hiztunen artean aipaturiko kultur kontsumo hori EAEn euskal hiztunak ez direnen artean baino handiagoa dela, eta hainbatetan nabarmen altuagoa, gainera; kontzertu, zine eta antzerkietara asistentzia kasu.

Zein da, baina, horren arrazoia? Ohitura ala militantzia?

Bestalde, txostenetik eratorritako informazio honek ez du argi uzten kontsumo horretatik zenbatekoa den euskarazko produktuen kontsumoa, jakin badakigu-eta euskarazko produktu eta zerbitzuen eskaintza areagotu egin den arren, hainbat kasu eta adin-tartetan hutsaren hurrengoa izaten jarraitzen duela, erdarazkoarekin alderatuz gero. Baina nire helburua, gaur, ez da euskal kultur sektoreak bizi duen egoera latzean sakontzea, pozgarria iruditu zaidan euskal-hiztunak beste behin bereizten gaituen argi-izpi hori partekatzea baizik; laino ilunak beste baterako utziko ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak