Bere esanahia hobeto ulertzeko asmoz, araketa txiki bat egin dut Wikipedia orojakilean, eta, nire harridurarako, ez da horren kontzeptu berria! 1992an argitaratutako Snow Crash eleberrian erabili zuen estreinakoz Neal Stephensonek metabertso kontzeptua: fikziozko mundu birtual gisa deskribatu zuen. Gaur egun, honela definitu izan da: Ziberespazioko ingurune bat, mundu errealaren metafora gisa jarduten duena, non gizakiek sozialki eta ekonomikoki elkarri eragiten dioten.
Orain egun batzuk, aditu bati entzun nion mundu birtuala errealitate bihurtzeko aukera eman dezakeela metabertsoak. Benetan? Gai izango al gara, bada, mundu baketsu bat birtualki irudikatu eta errealitate bihurtzeko?
XXI. mendean, errealitate birtualaz ari garen honetan, gizakiaren zentzugabekeriak ere errealitate izaten jarraitzen du. Gerrak nonahi, suntsiketa eta hilketak, gosea… Orain, Ukraina-Errusia aferak egin du eztanda, baina badira askotan gogoratzen ez ditugun beste hainbat ere pil-pilean biktima errugabeak astintzen jarraitzen dutenak, oihartzun mediatiko askorik ez duten arren. Hainbat herrialdetako errefuxiatuen exodoak gorantz jarraitzen du, bizitza hobeago baten bila beraien herrialdeetatik ihesi. Horientzat mundu birtual bat eraikiko dugu, nonbait zoriontsu eta bakean bizitzeko aukera emango dien mundu birtuala? Goserik edota biolentziarik ezagutzen ez duen errealitate birtual bat? Metabertso horietako bat? Eta eraikitako mundu birtual hori errealitate erreal, ez soilik metaforiko, bihurtzeko gai izango ote gara? Horretarako, nire ustez, teknologiaz gain, gizakiaren bihotz eta zentzunean ere eragiten duen zerbait beharko dugu, berekoikeria, botere-nahia eta zentzugabekeria hau guztiau deuseztatuko duen zerbait, alegia.