Ezaguna zaigu herrialde baten aurrerapena eta aberastasuna neurtzeko ohikoa den Barne Produktu Gordinaren indizea, adierazle ekonomikoak soilik neurtzen dituena, baina ba al dago haratago doan neurketa alternatiborik?
Gero eta gehiago entzuten ditugu beste aldagai batzuk neurtzeko indizeak –garapen jasangarriarekin lotutakoak, asko–, baina gaur, Barne Zoriontasun Gordinaren (BZG) indizean jarriko dut lupa.
1972an sortu zuen, 17 urte zituela, errege izendatu zuten Himalaiako Bhutan herrialde txikiko monarkak. Munduko erregerik gazteenak, aitak abian jarritako garapen eta modernizazio prozesuarekin jarraitu nahi zuen arren, garapen ekonomikoak soilik ez zuela bere herriaren zoriontasuna bermatuko uste zuen.
Horrela, BZGren filosofia ezartzeari ekin zion eta indize berria modu sistematikoan neurtzen hasi zen, hainbat adierazle barneratuz: ongizate psikologikoa, denboraren erabilpena, osasuna, hezkuntza, erresilientzia, aniztasun ekologikoa, kultur aniztasuna, eta abar.
Bere helburua? Hiritarren zoriontasun maila neurtu eta hobetzea. Ez al da hori, bederen, gu guztion helburua bizitzan? Eta ez al da gobernuaren erantzukizuna ere bere biztanleak zoriontsuago izateko lan egitea? Japonian zoriontasunaren ministro bat omen dago…
Gizarte zoriontsuenak ez dira ekonomikoki garatuen daudenak, diru gehien duten pertsonak zoriontsuenak ez diren bezala. Diruak ez du zoriontasuna bermatzen esaera zaharra entzuna da guztiontzat eta badirudi Bhutanen eta Lekunberrin baieztapen horren errealitateaz jabetu ere egin direla! Bejondeizuela!