Bat-batean, hiztegi berria

Egunkari, aldizkari, telebista eta sare sozialetan, etxean, lanean nahiz lagun artean, nonahi eta une oro dago COVID-19aren gaia pil-pilean. Gaurkoan, beste gai bat aukeratzeko tentazioa izan dudan arren –jada guztiak nazkatuta gauden ziurtasunean–, inertziak aurre hartu dit eta azkenaldian informazio iturri horietan guztietan nabaritutako zerbait partekatzera nator: koronabirusak hiztegi berri bat ekarri digula, hain zuzen ere. Eta ez nolanahikoa, gainera. Neurri handi baten, polizia-hiztegi-jargoiarekin antzekotasun handia topatu diot. Gure eguneroko hizkuntzan gero eta ohikoagoak bihurtzen ari dira konfinamendu, aislamentu, etxeratze-agindu, murrizketa, susmagarri, muga-itxiera, alarma egoera, salbokonduktu eta halako terminoak, polizia edota gerra-filmetan maiz entzundakoak, edota osasun mundutik kanpo askorik entzun edota erabili izan ez ditugunak: hidrogel, maskara, pandemia, koarentena, kutsatze tasa, serologiko, asintomatiko, eta abar, eta abar. Proba txiki bat egin besterik ez duzu! Albiste bat aukeratu, eta zenbatu horrelako zenbat aurkitzen dituzun! Koronabirusaren terminoen glosarioa ere sortu dela irakurri dut nonbait, eta, egia esan, ez da gutxiagorako.

Denbora gutxian eta arrapaladan, aldaketa ugari bizi behar izan ditugu gure bizitzetan, lehen normaltasunez egiten genituen gauza asko bat-batean debeku bihurtu direnak, edota inoiz imajinatuko ez genituen ohiturak, egun batetik bestera gureganatu behar izan ditugunak –maskara, bilera, besarkada eta muxu birtualak, etengabeko garbiketa…–, eta hitz egiteko darabilgun hiztegia!

Honek ere izango du bere akabera, baina, hau guztia amaitzen denean, gure betiko bizimodu eta ohituretara bueltatuko al gara, sortu dugun glosario horrekin batera amesgaizto hau ere gure oroimeneko tarte urrun baten zokoratuta utziz, edota honek ere utziko digu bere arrastoa?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak