X, Y, Z belaunaldien ondoren

Sarri pentsatu izan dut baby-boom garaiko gurasoek gure alaba-semeekiko daukagun belaunaldi arrakala iraganean baino txikiagoa dela; nolabait, modernoagoak garela, pentsaera, izaera eta jokaera aurrerakoiagoak ditugula, eta abar, baina, tartean, hainbat mikrobelaunaldi sortu dira eta beraien zenbait ezaugarri zeharo aldatu dira!

X belaunaldia etorri zen lehenengo: 1965-80 bitartean jaiotakoena, idealismoa alde batera utzita euren bizitza-filosofia lanean oinarritu dutenak, gailu elektroniko eta botoi analogikotik mundu elektronikorako jauzia egin dutenak, Internetetik eta sare sozialetik urruti.

Segidan heldu zen, baina, Y belaunaldia –1980-95–, millennials-ena, natibo digitalena, mundu digitalean guztiz integratuta, garai analogikoan jaiotakoa bada ere. X belaunaldia ez bezala, anbizioduna, inkonformista, mundu lehiakorrago baten bizi dena; prestakuntza handiagoa eskatzen duen mundua. Halere, sarri, nagia, nartzisista eta mizke hazitakoaren etiketa jarri ohi zaio ni-ni-aren belaunaldi honi.

Z belaunaldiak jarraitu zion aurrekoari –1995-2010–, beso azpian tabletarekin eta smartphonearekin munduratutakoena. Internet du bere DNAren parte, etxean, hezkuntzan eta gizarteratzeko moduan. Guztia bat-batean lortzea beharrezko duena, zeregin anitzekoa, baina arreta mantentzeko gaitasun murritzekoa; independentea, kontsumitzaile exijentea eta gaur egun oraindik existitzen ez diren lanpostuetan lanean arituko dena.

X, Y, Z… Alfabetoko letrak agortuta, Alpha belaunaldia deitzea egokitu zaio 2010etik aurrera jaiotakoenari, T belaunaldia, belaunaldi taktil-a; gailu taktilen garaia, Internet sozial eta kolaboratiboarena; konexioa une oro eta nonahi behar duena; bere bizitzako atal guztiak gizarteratzeko ohitura duen belaunaldia, bai eta sarean, modu kolaboratiboan lan egitekoa. Eta hezitzaile eta hezkuntza sistema tradizionalentzat erronka handia bihurtzen ari dena… ezin baititugu XXI. mendeko haurrak XIX. mendeko ereduekin hezi, ezta? Baina hori hurrengo zutaberako utzi behar!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak