Gisa honetako ekimenak antolatzeko orduan, entzun izan dut horretan ere joera eta jarrera ezberdinak erakusten omen ditugula emakumeek eta gizonezkoek. Apur bat sakontze aldera, azalpen azkar baten bila Internetera jo dut; inolako estatistikarik aurkitu ez, ordea –laster baten, agian, ikerketa soziologikoren batek frogatuko digu benetan joera ezberdinik nabarmentzen ote den eta ondorio horiek arrazoitzen dituzten zergatiak zeintzuk diren!–.
Nire Interneteko bilaketak izan du bere alde emankorra, alabaina. Horrelako urtebetetze-ospakizunak antolatzearen aldeko arrazoi-zerrenda amaiezinak aurkitu ditut; horien artean, gustatu zaidan hau: "Lagun kopurua gero eta murritzagoa delako, baina benetan lagun diren horiek gero eta gehiago maite zaituztelako".
Arrazoiak arrazoi, guk, behintzat, primeran pasa ditugu azken egunak, barre algara zaratatsuak eta une hunkigarrietan isuritako malkoak partekatuz. Orain, gure adiskidetasunaren altxor-kofrean balio mugagabea duen beste urrezko txanpon bat sartuta, hurrengo ihesaldian pentsatzen hasteko prest