Egunotan, Katalunian gertatutakoaren inguruan astakeria ugari ikusi eta entzuteko parada izan dugu, beste hainbat gertakari positiboren artean; beraz, komunikabide guztiak inbaditu dituen jazoera horren uholdetik apur bat ihesi, mintzagai horri ez heltzea erabaki dut.
Mahatma Gandhiren esaldi batekin ekin diot asteari, lagun batek e-mailez bidalitako eguneko lehen altxorrarekin: "Gure saria ahaleginean dago, eta ez lortutako emaitzan. Ahalegin osoa erabateko saria da".
Asko gustatu zait eta guztiz bat nator Gandhiren hitzekin.
Gure gizartean, gizarte lehiakor eta emaitzetan oinarritutako honetan, milaka adibide ditugu, guztiaren gainetik azken emaitzaren balioa nabarmentzen dutenak, hala nola enpresetan, ikasketetan, kirolean…
Askotan, ohartu gabe, gainera, haurrak txiki-txikitatik lehiakortasunak menperatutako egoeretan murgiltzen ditugu, besteak baino hobeak izan behar dutela sentiaraziz, horrek –eta ez beste balio batzuk– duen garrantzia nabarmenduz.
Baina, luzera, zerk sortzen digu asebetetze maila handiagoa, lortutako emaitza horiek edota bide luze horretan helburuak lortzeko egindako ahaleginak berak? Zer da benetan betetzen gaituena eta erraietan itsatsita gelditzen zaiguna, esfortzu horren esentzia edota lortutako emaitzaren itzala? 8.000ko gailurretako mendizaleei ere entzun izan diegu maiz garrantzitsuena ez dela gailurra egitea, bertarainoko bidea baizik… Eman diezaiogun, beraz, bideari bere garrantzia, emaitza ondorio bat besterik ez da eta.
Eta nola ez, Kataluniara bueltatuz eta emaitzak emaitza, Gandhiren antzera, jarrera aktibo baina baketsuaren hautua egin duten kataluniar gehienentzat, azken egun eta asteotan egindako bidea eta ahalegina izango dira bihotzetan betiko itsatsita geldituko zaiena.