Baina orain konturatu naiz, beharbada, galdera horrek baduela bere zentzua.
Piztuta dagoen telebista aurrean eseri naiz, atseden une batez gozatzeko asmoz. Albistegiaren tartea. Hamar minutuko epean hamaika berri bota ditu esatariak, batetik bestera arrapaladan salto eginez, presaka, amaigabea zirudien zerrenda balitz bezala: Turkiako atentatua, Siriako bonbardaketa, Yemengo gerrate odoltsua, Haitiko uholdea, goseak hiltzen dauden umetxoen argazki mingarriak, bortxaketak, eskale baten erreketa krudela kalean… txundituta gelditu naiz, hartu dudan aire ahokada bakoitzarekin tragedia bat arnastu ahala.
Ipuinetako mago eta sorginek bezala, telebistaren mando magikoarekin off klikatu ohi dugu lasai asko, horrekin gertaera samingarriak bat-batean desagerrarazteko boterea bagenu bezala, kaxaren odol gorri kolorea beltz bihurtuz, edota doinu alaiagoak igortzen dituen beste kate batera pasatuz. Laster baten, ordea, berriz ere horrelakoak entzungo ditugu, normaltasun osoz, krudelkeria berrien aurrean askorik hunkitu gabe, irudizko gertaerak balira bezala, fikziozko film bateko alegiazko kontakizunak, edota alegiazko planeta bateko zentzugabekeriak…
Are okerrago, horrelako asko albistegi-txarbiltegietan agertu ere egiten ez baitira askotan, agian askorentzat ez dira-eta nahikoa tragedia, entzungor egitea nahiago duen gizarte aurreratu (atzeratu) honentzat…
Eta krudeltasun espiral honetan, zein da irudikatu dezakegun etorkizuna? Noraino gal dezake gizakiak bere gizatasuna? Noraino hel daiteke bere bihozgabekeria? Zer entzun eta ikusiko dute gure haurrek eta ondorengoek etorkizuneko txarbiltegietan?