... pentsamendu magikoa edo mitoan oinarritutakoa nagusia zan hasikeran, eta denporak aurrera egin ahala esperimentazinoaren bidez gero eta arrazoi zientifikoagoak topatzen zituzten gertaerak esplikatzeko. Grafiko batean, Mitoaren pisua gero eta txikiagoa zelan bihurtzen zan ikusten zan, Zientziarenagaz alderantziz gertatzen zan bitartean.
Gaur egun, halandabe, mitoaren eragina ez da guztiz desagertu. Eta ziur aski gizakiak oraindino beharrezkoa daualako izango da, zientziak ezin daualako dana esplikatu eta kontrolatu. Geurean, medikuntza "ofiziala" erabat zientziaren menpe ez dagoala aitortu behar dogu, neurri handi batean farmazia industriaren menpe baizik. Gitxiengoan jarduten dabe behintzat "Ebidentzian oinarritutako medikuntza" arloan dabilzan lankideek, ahalik eta zientifikoen lan egin nahian.
Bestaldean, Edzard Ernst eta Simon Singhek Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban (Elhuyar, 2010) liburuan hiru multzotan sailkatzen dituzte medikuntza "ez ofizialak" ikuspegi zientifikoaren arabera: lelengoan, onurak aitortzen deutsiez besteak beste tai txi, yoga, masaje-terapia, osteopatia, kiropraktika eta txinatar medikuntza tradizionalari orokorrean. Bigarren multzoan, sinesmen hutsean oinarritzea eta dirua alferrik xahutaraztea leporatzen deutsiez feng-shui, reiki eta terapia magnetikoari beste batzuen artean. Eta hirugarren multzoan, zuzenean ebitatu beharrekotzat jotzen dabez iridologia, shiatsu eta dieta makrobiotikoak. Hauetaz gain, naturopatian onurekin batera zenbait arrisku topatu dituzte, eta homeopatiagaz akaso bereziki kritikoak dira, plazebo eraginean oinarrituta dagoala azpimarratuz.
Zorionez, mitoak eta zientziak alkar behar dabe gaur egun be, nahi eta nahi ez.