Hori guztia jasotzen dabe alde batetik Bergaran eta inguruetan egindako DVD interesgarriak (Erremeixuak. Osasuna munduko ondasuna. Bergarako Udala, Goiena eta Kutxa, 2010), eta bestetik liburukote eder batek, Euskal Herri osoko baserri-eremuetan bildutako materialagaz (Medicina Popular en Vasconia. Etniker, Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, 2004).
Historia luzeak emondako ezagutza hauek guztiak aztertzera apur bat hurbildu nahi dot oraingoan, historia luze horrek eragindako errespetutik betibe. Ea ba…
Abiapuntu moduan Igor Leturia lagun arrasatearrak gomendatutako liburu mamitsua erabili dot, izenburu ezin iradokitzaileagoa deukona: Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban (Elhuyar, 2010). Eta sendabedarrekin hasten bagara, bi egile horiek taula batean bereizten dituzte eraginkortasun ona deukien produktu naturalak alde batetik, eta erdipurdikoak edo eskasak diranak bestetik, zientifikotasunaren irizpideak aplikatuz.
Lelengo multzoan, onuragarriak diranetan alegia, sartzen dituzte Santio bedarra, baratxuria, ekinazea, elorri zuria eta hirusta gorria, besteak beste. Eta bigarren multzoan sailkatzen dituztenen bedarren arriskuez ohartarazten dabe bestela. Izan be, askok kontrakoa uste arren, sendabedarrek be albo ondorio txarrak badituzte…
Hurrengo batean sakonduko gara gai interesgarri honetan, baina amaitu baino lehen hona bi hausnarketa hauek, Elhuyarreko liburu horretatik ataratakoak. Bat: "Eszeptikoa soilik bazara, ez zaizu ideia berririk heltzen. Ordea, beste puntan egonez gero ezin dituzu ideia baliagarriak eta alferrikakoak elkarrengandik bereizi". Bi: "Buruak irekia izan behar du, baina ez garuna irteteko bezainbeste".